Txillardegiren Exkixu

2019, Apirilak 12

exkixu

Iñigo Landa

Gaur Korrikak Altza zeharkatuko du eta, euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko eta euskaltegientzako dirua biltzeko dituen asmoez gain, aurtengo edizio honek Txillardegi omendu nahi du, erabiltzen dugun euskara estandar honen sortzaile eta eragile nagusietako bat. Hizkuntzalaritzan, politikan, eta literaturan lan oparoa egin zuen Txillardegik, eta bere literatur lanen artean, hain zuzen, Altzako bazterretatik abiatzen den nobela bat irakur daiteke, Exkixu (1988), bere nobelen artean bosgarrena eta errealistena.

Kontakizuna 70. hamarkadan girotuta dago, frankismoaren azken hamarkadan, hirigintza aldaketa izugarriak gertatzen ari zirenean Altzan. Protagonista Exkixu da, Altzako Exkizu baserrian jaiotako Antton Arraiza etakidea. Izan ere, liburua “…atzoko, gaurko eta biharko gudari guztiei” eskainia dago. Fikziozko pertsonaia horren baitan Txillardegiren ikuspegi ideologiko bera eta, dirudienez, egiazko altzatar batek eskainitako herriko eta inguruetako bizipenak eta deskribapen zehatzak biltzen dira. Baserriaren eraisteak,  inguru arrotzak eta egoera hori iraultzeko beharrak oso gazte ETAn sartzera bultzatuko dute Exkixu. Hortik aurrera, militantziaren gorabeherak etorriko dira -eztabaida ideologikoak, kideen arteko harreman pertsonalak eta ekintzak- azkenean, tirokaldi batean, 22 urterekin, hil arte.

Testua, nola ez, dotore idatzita dago, eta, egoeren arabera, hizkera estandarrarekin batera etxekoa erabiliz, tarteka gaztelania txertatuz. Segidan, nobelaren pasarte bat irakur dezakegu, garai hartako Altzan gertatzen ari ziren aldaketak irudikatzen dutena:

Oraindik ni haur ttipia nintzenean eraiki zuten lehenengo “blokea”. Zortzi bat urte nituen. Eta sasi-dorre zaindari hura Hegoaldean prantatu ziguten; Txoritokieta alderako bista ederra betirako erdibituz eta hondatuz.

Egia aitortzekotan, zortzi bat urtez izan genuen bloketzar itsusi hura han, bera bakarrik, inolako “lagun”ik gabe. Beharrik! Urte askotan zehar, horrela, etxerakoan, eta urrutitik Ezkizu aldera begiratzerakoan, barregarri xamar agertzen zen “bikote” desegoki hura: zementozko “zaldun” bastart eta kankailuaren ondoan, gure baserri txapala han zegoela jakinez gero, eta arretaz bilatzekotan, aisa aurki zitekeen; ezkerraldeko bere hegala, Txirritak famatu egingo zuen “Gaztelu-ene”koa bezala, eskuinekoa baino beherago amaitzen baitzen.

Dorre erraldoiaren soto-atalburuan irakur zitekeen “32″ zenbaki hark, bestalde, ez zuen esperantza-ateka zabalegirik uzten… Baina guk ez-ikusia egiten genion.

Azkar, ordea, astetik astera gauzak okertzen zirelarik, dorre-mordoen trumila gainera heldu zitzaigun; eta iristekoa iritsi zen, eta gertatzekoa gertatu.

Lehendabizi, oker ez banago, geroenean “kalea” izango zen zabalarteaz bestaldera, “17″ blokea eraiki zuten. Zenbait hilabete geroago, alimaleko multzo bat eriki zuten; Pasai aldera hau, “1″, “3″ eta “5″ zenbakiena. Eta gu jabetu orduko, sekula oso luzaz eteten ez zen zalaparta gorgarrien ondoren, hantxe ginduzkaten gu ere, geure Ezkizu-bekoa gizarajoan, zementotan preso. (23-24 orrialdeak)

Nobela hau abiapuntutzat hartuta Markos Zapiain-ek “EXKIXU. Tribuaren aldeko gorrotoa” idatzi zuen Susak argitaratutako “Txillardegi eta ziminoa” saiakera-liburuan.

Etiketak: ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Apirila 2024
A A A O O L I
« mar    
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Antonio Dávila García
    (2024, Apirilak 19)
    «Mis vecinas. Bajo el cielo, serpenteando remontando las colinas van volando e indagando, dos gentiles golondrinas. Pensaba yo,para mí, ¿porqué no hacen aquí, su casita tan sencilla de ...»
  • Adriana
    (2024, Martxoak 29)
    «Me gustaría poder aprender mejor a confeccionar prendas y sacar patrones. Para poder hacerme mi propia ropa. Tengo el ...»
  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »

etiketak


Sarean