Arantza

2019, Abuztuak 25

img-20190726-wa0003

Arantzaren lagunak

Duela egun batzuk albiste lazgarri bat jaso genuen Altzan: Gure lagun eta adiskide Arantza Hernandez Ezeiza hilzorian zegoen bapatean bihotzeko latz baten ondorioz. Handik egun batzuetara, nahiz eta Donostiako Erresidentziako medikuek haren burua salbatzeko ahalegin guztiak egin zituzten, Arantzak utzi egin gintuen, uztailak 26an hain juxtuan. Biharamonean dozenaka lagunek haren senideekin batera azken agur hunkigarria eman genion Polloeko Beilatokian.

Arantza duela 59 urte Donostian jaio zen Iturrino Anaien kalean (egun Arrasate kalea deritzona) familia oso euskaldun batean. Amak, Beizamakoa izanik, jatorrizko hizkuntza zuen euskara eta aita erdalduna zen Soriako familia batetik baitzetorren, baina gogor egin zion bere buruari eta euskaldun peto petoa bihurtu zen ere. Zazpi seme-alaba izan zituzten , eta Arantzak Donostiako sasiko lehen ikastolan, Elbira Zipitriarekin, eman zituen bere lehen urteak. Geroago Administrazio ikasketak burutu zituen eta UZEI lantokian lanean jardun zuen urte luzez berregituraketa baten ondorioz kanporatu arte. Azken urteetan zenbait lan prekario egin zituen pentsionista bihurtu arte. Horrela bizi zen orain, duin, pozik bere buruarekin, bizipoz eta gauza berriak egiteko prest… baina…

Nahiz eta bere nerabezaroa Donostian pasa 23 urterekin Altzara etorri zen bizitzera, Larratxora hain zuzen. Berehala murgildu zen orduan hastear zegoen herri mugimenduan. Auzoak gabezi handiak zituen eta auzolagun batzuk ari ziren antolatzen egoerari aurre egiteko.Haiekin batera joan ziren behar bakoitzarentzat taldeak sortzen (haurrentzako aisialdia,kirol eremuak, eskolako instalazioak zabaltzea, Josu Artetxe plazaren egokitzapena,oztopo arkitektonikoak, udako jaiak, aste kulturala, San Tomas eguna eta bere talogile apartak).

Garai hartan ere Altzako ezker abertzalea indartzen ari zen eta Arantza naturalki lerrokatu zen bertan, ezkerreko sutsua eta abertzalea zintzoa baitzen. Herri Batasunako militantea izanik propaganda taldeetan ibili zen, hauteskundeetako kanpainetan, errepresaliatuen aldeko mobilizaziotan eta Txalaka elkarteko sorrera eta garapenean. Elkartearen ordezkaritzaren bitartez, arlo kulturalean garai hartan oso urria zen emakumeen parte hartzea gogoz bultzatu zuen ere (anekdota gisa Donostiako Elkarteen arteko Mus txapelketan emakumeen parte hartzearen debekuaren aurka egin zuen izena emanez, baita garaiko txapeldunari irabazi ere, debekatzaileen amorrua medio)

Baina Arantzak gustukoen zuen herrilana euskararen aldekoa zen. Ezagutu dugunok badakigu euskara zela bere lehen hizkuntza eta alaiki erabiltzen zuela lagunartean eta eguneroko zereginetan, kalean, dendan, tabernan edo administrazioarekiko harremanetan, baina amorruz bizitzen zuen euskararen egoera orokorra Altzan. Horregatik ere kezka bera zuen lagun batzuekin “Altzan Euskaraz” taldea sortu zuen 80-90ko hamarkadan, egoera tamalgarri horri aurre egiteko asmoz. Talde harrek oinarrizko lana egin zuen egun Altzan euskara duen hedapena ulertzeko. Kale dinamiketan aritu ziren gehien, muralak margotzen ,kantutegiak osatzen, kultur ekimenak euskara hutsez antolatzen, Euskal Herrian Euskaraz erakundearekin eztabaidak eta aldarrikapenak partekatzen, Herri Urrats eta Nafarroa Oinezera joateko autobusak antolatzen, haurrentzat euskaraz jarduteko udalekuak prestatzen, Casares Kultur Etxeko arduradunekin euskarazko ekitaldiak programatzen, Altzako AEKko Azpil euskaltegiarekin lehenengo Korrikak gure kale eta auzoetatik pasa zedin kolaboratzen… eta abar luze bat.

Egun, egindako lan horri jarraipena emanez, geroago sortu zen Altzan euskara sustatzeko Bizarrain Euskara Elkarteko kide aktiboa zen eta urtean zehar elkarte horrek burutzen dituen ekimenetan ekintzaile edo parte hartzaile finkoa zen (Altza Hadi kanpainak, Euskaraldiak, Altzako dendari eta tabernari euskaldunaren gida, Gabonetako haurrentzat futbola euskaraz txapelketa, Bertso-Paperaren lehiaketa…)

Beraz eta amaitzeko, izar gorri berri bat piztu da askatasunaren zeru sabaian, eta nahiz pena handia dugun Altza eta Euskal Herria libre eta euskaldunarekin amets egiten dugun guztiok, aldi berean plazerra izan da hainbeste gauza harekin konpartitu izana, eta oso pozik gaude lagun artean kantatzen, naturaren alde ibiltzen, euskararen alde korrikan, presoak eta errefuxiatuak etxera aldarrikatzen, Altza Herria eraikitzen, emakumeak zutik leloa praktikan jartzen. Hitz batean, Arantza bizitzen ezagutzeko parada izan dugulako… milesker !!!

Haltza ondoko lurrak goxo har zaitzala, altzatarrok ureztatuko dugu zure oroimena!!!

*

Eskertuak ba Arantza, hemen gure omenaldia

Bertsoz esan nahi dizugu, sentitzen dugun guztia

Pertsona paregabea, erabat maitagarria

Edonorentzako dezu, beti prest zure irria.

Gure momentu txarretan, eman zenigun kabia

Benetan eta zinez, zera adiskide handia

Horregatik guztiagatik, guretzat hain berezia

Ez baita ohikoa… zuk dezun kategoria.

*

Bestalde aipa dezagun, nola ez konpromisua

Euskara eta herria, betidanik helburua

Lan askotan murgilduta, azaldu gabe burua

Langile eta apala, Altzan estimatua.

Hasiko zinen lotsatzen, hori ez da sekretua

Dagoeneko esan dezu (zu) bai esajeratua

Ez da inondik inora azale konplimentua

Hau ez da laudorioa… hauxe da egi santua.

img-20190726-wa0010

2 iruzkin

  1. joan mari irigoien

    Altzako herri-mugimenduen eragile,
    langile porrokatu,
    euskararen maitale,
    Bakea eta Ohorea zuri, Arantza!

    jmi

  2. Miren Koruko González

    Eskerrikasko egindako lan guztiagatik, Arantza. Harzazu ondo merezia duzun atsedena.

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Martxoa 2024
A A A O O L I
« ots    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Azken iruzkinak

  • Maira
    (2024, Martxoak 2)
    «Hola necesito contactarme con las señoras Verónica. Recién leo esto. Soy la novia del nieto de olivo. Su papá Carlos. ...»
  • Luma
    (2024, Otsailak 17)
    «Oso oso interesgarria. »
  • Estibaus
    (2024, Otsailak 8)
    «Ez, sarrera librea da jarlekuak bete arte. »
  • zigor
    (2024, Otsailak 8)
    «Bikain. Izena eman behar da aurretik? »
  • Ekhi
    (2024, Urtarrilak 10)
    «Jaiotza oso polita da !! Eskerrik asko jartzeagatik. »

etiketak


Sarean