Ekialde Barrutia: Itxuratik haratago, zer?

2019, Urriak 7

HERRIPE - INTXAURDI - IZBE - OSTEGUNA / AHM - EMANHAR - PLAZANDREOK
(Barrutiko Batzarraren elkarteak)

2015eko apirilak 13an, Donostiako Udalak hirian osatu nahi zituen lau barrutiak arautzen zituen araudi organikoa argitaratu zuen, barne Ekialde Barrutia[1]. Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako zenbait elkarteek ia bi hamarkada bilera eta aldarrikapenetan pasa eta gero. 2018ko ekainean hauteskunde prozesua bete eta gero Ekialde Barrutiko junta martxan jartzen da. Argitaratutako araudiak dionez batzorde hauek kontsultarako besterik ez dira ,  ez dituzte elkarteek eskatzen zituzten eskumenak eta ez dira erabakigarriak Barrutiarentzat erabakitzen den aurrekontuari buruz, horrela hasieratik ez ziren betetzen elkarteen eskakizunak.

Hala ere elkarteek hauteskunde prozesuan parte hartzea erabaki genuen, pentsatuz partaidetza gune  berri honek agian Altza udal zaharreko eremuan dauden harremanak indar zitzakeela eta era berean uztartu elkarteen arteko lan amankomuna ditugun arazo berdintsuen aurrean, kasu batzuetan hiriko beste zenbait guneetan daudenak baino larriagoak izanda hauek.

Barrutiko Junta ,oraintxe funtziotan dagoena, 8 elkarteen ordezkaritzarekin osatu zen, 4 auzo elkarteen izenean( Herripe,Izbe,Intxaurdi, Osteguna) eta 4 sektorialak (Altzako Histori Mintegia, Auzoa, Emanhar, Plazandreok) eta alderdien 7 ordezkariekin, 2 PSE-EE (Lehendakaritza), 2 EAJ-PNV (Lehendakari ordea), 2 EHBildu, 1 PP, gehi Irabaziz hitzarekin baino bozkarik gabe. Alderdien artean hiru emakume dira eta 2 elkarteen izenean, horrela emakumeen presentzia  %30ekoa besterik ez da.

Ibilbidea oso motza izan da, 15 hilabetekoa besterik ez, justu aurreko udal legealdiaren azken urtea. Benetan motzagoa izan da, tartean 2018ko uda eta 2019ko (uztaila, abuztua eta iraila) izan ditugu eta justu azken hiru hilabeteetan ez da bideratu Juntarako deialdirik. Nahiz eta denbora laburra izan elkarteen parte hartzea eraikitzailea, dinamikoa eta oso bizia izan da.

Inplikazio horren ondorioz 5 lan talde osatu ziren, lau taldeetan ardura, elkarteen ordezkarien gain geratu zen eta azkena EHBilduren ordezkari baten esku: 1.” Diagnostikoak”, 2.”Hirigintza, Irisgarritasuna eta eremu publikoak”, 3.”Partaidetza eta Komunikazioa”, 4.”Aurrekontuak eta Egituraketa”, 5.”Berdintasuna”. Ibilbide motz honetan parte hartu dugu lan taldeko 12 bileretan, Juntako 8 saioetan eta 2 asanblada irekietan[2].

Esfortzu  garrantzitsu honen balorazioa egiteko orduan argiak eta itzalak ikusten ditugu.

Alderik positiboenean onartu zen aurrekontu parte-hartzailearen zati bat, 370.100 euro, Batzarreko elkarteetatik proposatutako proiektuetara bideratzea. Aipatzekoa da 2019ko aurrekontu-gastuari buruz egindako proposamen guztiak Batzordean adostu direla, negoziazio eta adostasun prozesuen bidez, bozketara jo beharrik gabe. Esparru horretan, 23 proposamen onartu dira, baina gauzatu zain daude[3].

Inguruko elkarte-ehuna indartzeari dagokionez, aurrekontu parte-hartzaileko proiekturik bozkatuenetan txirikorda bat egiteko proposamena onartzea erabaki zen, auzoen arteko gastua orekatzeko asmoz.

Era berean, barrutiko elkarte guztiei irekitako 6 bilera egin dira, prozesua baloratzeko eta batzarrean aurkeztu beharreko proposamenak adosteko. Horietako batzuetan beste auzo elkarte batzuek parte hartu dute, hala nola Santa Barbarako Elkartasuna eta Oleta  elkartekoek, baita Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkarteak ere[4].

Batzordearen funtzionamendua arautzen duen Barne Araudia landu eta onartu zen, baina ez ziren onartu herritarren eragina handitzeko egindako proposamenak. Batzordeko lehendakariak lantaldeetara eta bileretara joateko aukera eman du, Etxegintza, Hirigintza, Mugikortasun, DBus eta Obra eta Proiektuetako Zuzendaritzako teknikarien eta politikarien zuzeneko informazioa lortzeko. Era berean, bi pertsonako talde teknikoa izan dugu, eta beste bi kontratatu dituzte 6 hilabetez.

Etxegintzaren eta Bulego Estrategikoaren aldetik Barrutiko auzoen egoerari buruzko bi diagnostiko ere egin dira, eta “Diagnostikoen” lan taldeak egindako sintesi bat ere gauzatu da. Horrela, hainbat gizarte-eremutan gure auzoak hiri osoarekiko ahulagoak direla erakusten duten adierazleak daude, baita genero-desberdintasun nabarmenak ditugula ere. Batzarreko azken bileran egindako kronologiaren arabera, azaroan bi saio parte-hartzaile egitea aurreikusita dago, eta horien emaitzak legealdi berriko planerako eta gobernu berrirako oinarri izango dira.

Dimentsio komunikatiboari dagokionez, dagokion lan taldea komunikazio plan bat egiten saiatu da eta Udalak web orri bat zabaldu du Ekialdeko Barrutiko informazioarekin.

Nahiz eta emaitza horiek aipatu, esperientzia honetan identifikatu ditugun itzalak oso garrantzitsuak dira etorkizunean Barrutiaren funtzionamendua behar bezala garatzeko. Tamalez, koordinaziorako eta erabakitze arin eta eraginkorrerako udal egitura politiko eta tekniko baten falta identifikatu dugu.

Parte-hartze formula horretaz guztiz konbentzituta ez dagoen Gobernu Talde bat antzeman dugu, eta Gobernu Taldearen desadostasunak barne funtzionamendura eraman dituzte behin baino gehiagotan, horrela eguneroko lan dinamikak oztopatuz.

Erakunde honen izaera aholku-emailea eta elkarteen jarrera eraikitzailea izan arren, udal arduradunen beldurra ere sumatu dugu herritarrek ohikoa baino zabalagoa izan daitekeen parte hartzeko organo bat garatzeko orduan.

Beste aldetik, elkarteen proposamenetatik abiatuta egindako diagnostikoak oraindik ere ez dira nahikoak Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako jendeen benetako beharrak antzemateko. Gainera, genero ikuspegia ia ez da existitzen, eta datuen eskasiak emakumeei eragiten dieten desberdintasunak murrizteko irtenbideak bilatzea oztopatzen du.

Horri gehitu behar zaio Batzarrean onartutako 23 proposamenetatik oraindik ez dela bat bera ere gauzatzen hasi, eta ez digutela haien egungo egoeraren berri eman hiru azken hilabeteetan, denbora horretan ez dute Batzarra biltzera deitu nahiz eta jardun egoeran egon.

Udal proiektu garrantzitsuak egiten jarraitzen dute gure auzoetan, Juntak gutxieneko informaziorik jaso gabe. Barrutiari buruzko informazio eskasa desagertu egin da Udalaren webgunearen hasierako orritik, duela hilabete batzuk bertan jarri bazuten ere.

Postaz baino ez digute jakinarazi Batzordeko Presidentetza eta Lehendakariordetza aldatu direla eta hauteskunde aldi berria hasi dela.

Joan den astean, irailaren 30erako deitu gintuzten jarduneko Batzordearen izaera ematen ez zaion bilera batean parte hartzera. Onartutako proiektuen egoerari buruzko dokumentazioa aldez aurretik helarazteko eskatu genuen, eta ezinezkoa izan zen ezer bideratzea, proiektu horietan lanean ari zirelako. Bileran, dokumentu ugari aurkeztu zitzaizkigun, gutxi landuta eta zehazteke kasu gehienetan, eta horrek ezinezko egiten zuen inongo azterketarik egitea momentu horretan.

Azken batean, pentsatzen dugu jarduteko modu hau ez dela egokia izaten ari erabaki politikoak herritarrengana hurbiltzeko asmoa duen partaidetza-espazio bat bultzatzeko. Guztiz kontrakoa, belaunaldi helduen artean sinesgabetasun eta higadura jarrerak indartzen ditu, eta emakume eta gizon gazteenen belaunaldiak uxatzen ditu.

Barrutiaren eraketak herritarron partaidetzan eta tokiko beharren asetzean abantailak ekar ditzakeela uste dugu, baina, horretarako, bidea jorratzera animatzen ari direnak zaintzeko, eta hartzen diren erabakiak irmotasunez aurrera eramateko konpromisoari eutsi behar zaio.

——-

[1] Beste barrutiak hauek dira: 2. Erdialdeko Hegoaldea barrutia: Erdialdea, Amara, Loiola eta Martutene; 3. Mendebaldeko barrutia: Añorga, Antigua, Ondarreta, Aiete, Ibaeta, Igeldo, Miramon, Zorroaga eta Zubieta; 4. Ipar-ekialdeko barrutia: Ategorrieta, Ulia, Egia eta Gros.

[2] Aldi berean, Batzarreko hainbat elkartek aurrekontu parte-hartzailean, proposamenak aurkeztu eta bozkatzeko kanpaina egin zuten. Hiriko bozkatuenetako bat Herrerako puntu kritikoak izan ziren. Batzarreko kide ez diren beste elkarte  eta norbanakoek ere aurkeztu zituzten proposamenak, eta haiek aukeratuak eta bozkatuak izan ziren.

[3] Horien artean euskara, berdintasuna, kirolak, Altzako korporazio zaharreko altzariak eta mugikortasunari, aisialdirako guneei, kultur ekipamenduei, tokiko monetari, lurraldetasunari, mapa turistikoari eta abarri buruzko ikerketak daude.

[4] Lantaldeetan beste pertsona eta erakunde batzuek ere parte har dezaketenez, Donostia Hiria eta Emakumeen Foroaren parte hartzea izan dugu. Berdintasun proposamenak egiteko lanetan Larratxoko Ostadar Emakumeen Elkarteko eta Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkarteko kideek parte hartu dute. Puntu kritikoen prestakuntzan eta jarraipenean Altzako Kulero Moreak emakume gazteen taldeak ere parte hartu du. Horrez gain, Barrutiko batzar irekietara erretiratuen elkarteak joan dira, eta aniztasun funtzionalarekin zerikusia duten beste batzuk ere bai.

Etiketak:

Iruzkin 1

  1. Iñaki Ezama

    Bueno. Milaesker por hacer un descargo de lo q habéis hecho en líneas generales porque uno ya pensaba q no se había hecho na de na.

    Aurrera!!

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Apirila 2024
A A A O O L I
« mar    
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Antonio Dávila García
    (2024, Apirilak 19)
    «Mis vecinas. Bajo el cielo, serpenteando remontando las colinas van volando e indagando, dos gentiles golondrinas. Pensaba yo,para mí, ¿porqué no hacen aquí, su casita tan sencilla de ...»
  • Adriana
    (2024, Martxoak 29)
    «Me gustaría poder aprender mejor a confeccionar prendas y sacar patrones. Para poder hacerme mi propia ropa. Tengo el ...»
  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »

etiketak


Sarean