Ruiz Balerdi margolaria Herreran

2023, Otsailak 28

arkaltza-balerdi
Iñaki Martiarena “MATTIN”: ARKALTZA [1]

Iñigo Landa Ijurko

Rafael Ruiz Balerdi (1934-1992) margolari donostiarra euskal arte garaikidearen ezinbesteko erreferentzia artistikoa da. Koadro abstraktuekin lan egiten zuen, behaketa, kolorea eta bat-batekotasun sortzailea oinarri hartuta. [2]

1973an, Donostiatik kanpo urte asko eman ondoren, itzuli egin zen, eta Andoaingo eskola publikoan nahiko espazio handia aurkitu zuen, egiten ari zen tamaina handiko koadro batekin lanean jarraitu ahal izateko. Artistaren eta eskolako haurren artean sortuko den harreman sortzaile estuak esperientzia didaktiko hori Lasarte eta Herrerako eskola publikoetara hedatzera eramango du, bost urtean zehar.

pyh-de-eh-1977_11_03-pp-24-argazkia“Al principio no le di demasiada importancia pero luego, en cuanto comencé a ver los primeros resultados del entusiasmo de los chicos, es cuando me di cuenta de que todo aquello podía tener más importancia de lo que yo inicialmente le concedí. La cosa es que seguí en Andoáin y luego en otras escuelas hasta hoy, aquí en Herrera. Ahora, además de pintura hacemos música y danza, materias de las que se encargan otros dos compañeros, y los resultados son tan interesantes como en pintura. Los chavales tienen un gran empuje.” (Punto y Hora de Euskal Herria, noviembre de 1977) [3]

Garai hartan Romualdo de Toledo izena zuen ikastetxeko bi ikasleri esker, Arantza eta Lorea, garai hartan zortzi eta hamalau urte bitartekoak, esperientzia haren testigantza zuzenak izan ditzakegu. Marrazkigintzako irakaslea oso ondo gogoratzen dute, “Rafa, el profe de dibujo”, baita klase haiek nolakoak ziren ere. Irakasleek “don” tratamendua jasotzen zuten, baina marrazketakoa, besterik gabe, Rafa zen. Gizon isila, pertsona ona. Frankismoaren azken urteak ziren, eta baziren eskola berritzeko gogoa zuten irakasleak. Marrazketa-, dantza- eta musika-eskolak antolatu zituzten eskola-orduetan, ikasleak beren borondatez joaten ziren gela espezifikoetan.

herrera-ikastetxea

Marrazketa-gela bigarren solairuan zegoen. Zabala eta argitsua zen, hiru fatxadatako leihoekin (argazkian, Herrera Ikastetxea kartelaren gainean). Ikastetxearen goiko kokapenak Herreraren gaineko ikuspegi zabalak eta horizonte zabala eskaintzen zituen. Rafak tailer artistiko gisa erabili zuen gela hori, bere tamaina handiko koadroak landu ahal izateko [4] klasera joaten ziren neska-mutilen aurrean, eta haiekin batera landu ahal izateko. Artistaren iritziz, behaketa eta sormena haurren berezko ezaugarriak ziren, “si pintan es porque tienen las mentes libres.”

jardin-claro-i-b
Jardín claro I

Rafak eta ikasleek margotzen ari zen koadroei buruzko iruzkinak trukatzen zituzten. Loreak gogoratzen duenez, Rafa bere koadro abstraktu batekin ari zen egun batean, harengana hurbildu zen zer marrazten ari zen galdetzera. Artistak galdera itzuli zion, ea zer ikusten zuen hor, atzamarrarekin oihalaren gainean irudizko lerro bat marrazten zuen bitartean, eta, horrela, Loreak imajinatu ahal izan zuen emakume bat haur bat besoetan zuela, artistak koadroa birarazten zuenean ere Loreak sumatzen zuen irudi bat.

herrera-i-ii-iii
Herrera I, II, eta III

Koadro abstraktuekin batera, Balerdik ikasgelan hiru koadro figuratibo, gutxienez, margotu zituen helburu didaktikoarekin, gelako leihoetatik ikus zitekeen paisaiatik abiatuta. Herrera I.an San Inazio galtzadako etxeak ikusten dira lehen planoan, eta Mendiola eta Jaizkibel urrutian. Herrera II koadroa beste leiho batetik margotuta dago, baina aurrekoaren antzeko orientazioarekin. Eta Herrera III.ak kontrako norabidean begiratzen du, Ramon Vizcainoren fabrikako teilatua aurrean, saihesbidea eta Julimasene aldea erdian dituela.

Bere koadro abstraktu eta figuratiboez gain, ikasgelan pintore klasikoen koadroak jartzen zituen, eredu gisa erabiltzeko, elkarrizketarako bidea emateko eta haurrak beren sorkuntza pertsonalak egitera animatzeko. Arantzak gogoratzen duenez, egin zuen marrazkietako bat, aitak markoan jarri eta etxeko horman zintzilikatu zuen. Loreari ere gustatzen zitzaion marraztea, batez ere aurpegiak, eta Rafak beste gai batzuetara irekitzea aholkatzen zion. Baina berari gehien gustatzen zitzaiona dantza klasea zen, non baleta eta dantza mota ezberdinak ikasten zituzten. Irakasleak, Menchu [Medel], inguruko beste ikastetxe batzuetara eramaten zituen dantzatzera, eta animatu zuen trebatzen jarrai zezan eta dantzan jardun zezan, baina familiak ez zuen baliabide ekonomikorik ikasketak ordaintzeko eta bere bokazioa zapuztuta geratu zen.

Herrerako ikastetxeko esperientzia artistiko eta hezitzaile hura 1978an amaitu zen, baina klarionak, argizariak eta papera, material erraz eta merkeak, normalean eskolakoak, ohiko tresna bihurtu ziren Balerdiren ekoizpen artistikoan. Bere ibilbidean mugarri bat izan zen, eta ia hamar urte geroago, 1985ean, Gasteizen, “Así pinta…” erakusketan erreproduzitu zuen. Bertan, zuzenean margotu zuen koadro bat, ekitaldian parte hartu zuen haur talde baten parte-hartze zuzenarekin.

terraza-alde-19
Terraza-Alde, 19

Ruiz Balerdiren eta Herreraren arteko harremana ez zen Romualdo de Toledo ikastetxera mugatu. Artistak eta Jacqueline Sánchez lankideak etxebizitza bat erosi zuten 1984an Terraza-Alde etxean, San Inazio galtzadaren ondoan (Jolastokieta, 19), laneko tailer bihurtzeko, 1992an hil zen arte.

Gabriel Aresti poetak, Balerdiren lagun eta kolaboratzaileak, Herrerako eskolan pintoreak gauzatutako esperientzia aitatzen du “Rafa, ez Sanzio, Ruiz Balerdi” poeman:

“Hobeki ikusten da
Herrerako eskola nazionalean
edo
Amezketako ikastolan,
nola bertan ikasten dute
umeek
zer aldi dagoen ferdetik gorrira,
mugimentuen eta masen direkzioa.” [5]

Artistaren heriotza zela eta, Egin egunkariak 1992ko martxoaren 12an Balerdiren argazki batekin ilustratutako orri bat eskaini zion, koadro handi baten aurrean eskailera batean igota eta ikasleez inguratuta. Orrialde berean, Eduardo Chillidak, “Querido Rafa” izenburupean, margolariaren lanaren patu ederraz idatzi zuen: “Tus libros por el suelo en la escuela de Andoain tuvieron un hermoso destino.” [6]

Herrerako hezkuntza-esperientzia hartatik ia mende erdi igaro ondoren, Ruiz Balerdiren lan guztia animatzen zuen espiritu aske eta sortzaileak gidatutako arte ez elitista herrikoiaren ikuspegia berreskuratu dute egungo belaunaldientzat Iñaki Martiarena “Mattin” ilustratzaileak eta azken urteotan Altzako ikastetxe ezberdinetan garatzen ari den Arkaltza proiektuak. Ekimen hori ere margolariaren lanaren patu ederraren parte izatera pasa da. [7]

arkaltza-2

***

Erreferentziak:

[1] Iñaki Martiarena “MATTIN”: Arkaltza. Autoedizioa, 2021. 2022an bigarren edizio zabaldua argitaratu du. Liburua haurren liburutegietan baino ez dago jendearen eskura.

[2] Erabilitako datu biografiko guztiak eta Ruiz Balerdiren lanaren erreferentziak, hemendik hartuak: VIAR, Javier: Balerdi. La experiencia infinita = Balerdi. Azkengabeko esperientzia. Ed.: Sala Recalde, Koldo Mitxelena Kulturunea, 1993.

[3] Carlos LAREAU: “Balerdi o «atreverse al desastre»“, in: Punto y Hora de Euskal Herria, 1977ko azaroaren 3-9, 22-25 orr..

[4] Herreran Jardín claro I, II, III, IV. koadroak margotu zituen.

[5] ARESTI, Gabriel: “Rafael, ez Sanzio, Ruiz Balerdi“, in: Poesia argitaragabea. Azken poesia. Gabriel Arestiren Literatur Lanak - 5. Susa, 1986. Pp. 78-80. Gaztelaniazko itzulpena: Jon Juaristi (Arg.: VIAR…, 13. or.).

[6] EGIN, 1992-03-12, 45. or., Eduardo Chillida: “Querido Rafa”. Orrialde berean, Rafael Castellano: “Universos de tiza”.

[7] Beñat ARIZMENDI AMORIZA: Arte garaikidea Iñaki Martiarena “Mattin”-en Arkaltza-n. Haur Hezkuntza Graduko amaierako lana. 2022.

Etiketak: ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Martxoa 2024
A A A O O L I
« ots    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Azken iruzkinak

  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »
  • Maira
    (2024, Martxoak 2)
    «Hola necesito contactarme con las señoras Verónica. Recién leo esto. Soy la novia del nieto de olivo. Su papá Carlos. ...»
  • Luma
    (2024, Otsailak 17)
    «Oso oso interesgarria. »

etiketak


Sarean