Roman Irigoien sendagilearen espetxeratzea (1936)

2012, Otsailak 27

Gerra Zibilaren inguruan bildutako informazioa osatzearren, hona ekarri dugu Roman Irigoien Altzako sendagilearen espetxeratzeari buruz Imanol semeak 2006. urtean ‘Oiartzun’ aldizkarian idatzi zuen artikulua.

ROMAN IRIGOIEN MITXELENAREN ETA BESTE ZAZPI OIARTZUAR GEHIAGOREN ESPETXERATZEA
Manuel Irigoien Aranberri

ROMAN IRIGOIEN MITXELENA, Oiartzungo “Exkerrenean” jaioa, 1904ko apirilaren 2an, eta Altzan hila, 1978ko azaroaren 27an, 74 urte zituela. Zortzi anai-arreben artean gazteena. Altzako mediku izana urte luzez. Emaztea: Benedikta Aranberri Muguruza (Elgoibar, 1905 - Altza, 2000). Bost seme-alaba: Manuel eta Roman (1940), Maitere (1942), Mariarantxa (1945 - 2005) eta Juan Mari (1948).

Roman Irigoien Ondarretako kartzelan egon zen espetxeratua. Espetxealdiari buruz, hauxe datu “ofizialek” -oker, ikusiko dugunez- diotena: atxilotze eguna 1937-01-09a izan zen, eta aske utzi zutenekoa 1938-03-28a. Guztira, beraz, urtebete, bi hilabete eta hemeretzi egun egin zituen, ofizialki, espetxean gure aitak, presoaldi prebentiboan. Ez dute, ordea, egia esaten “paperek” (Dirección General de Instituciones Penitenciarias - Ministerio de Interior -Madrid- instituziotik jasotako agiriak), ezen, gordeta dugun 1936-10-05eko gutunak dioen bezalaxe («…más de dos meses y medio sin saber nada, nada.» idazten dio Ondarretatik bere andregaiari), ia sei hilabete lehenagotik hantxe baitzegoen gure aita, “5. ziega - behean”, zitalki atxiloturik…! Eta, libre utzi zuteneko egunari dagokionez, pentsa dezagun ez zitzaiela akatsik itzuriko geuri bidalitako agirian, egiazko data beraien komenientziara “aurreratuz”… (Lehen mailako biktimatzat edukitzen gaituztenerako utzi beharko ote dugu kolpe batez ezabaturiko espetxealdi honen eta gainerako egonaldiaren kalte-galeren erreklamazioa?)

Beste zazpi oiartzuarrekin batera auzipetu, eta “Causa sumarísimoa” (nº 38 / 37) instruitu zion delako “Gerra-kontseiluak” (Juzgado Militar Eventual Nº 1 - Plaza de San Sebastián). Epaiketa data: 1938-02-07a. [Auzitegiko kideak: Juez Instructor, Manuel Bartolomé Udave, Comandante de Infanteria; Felipe de Cubas Urquijo, Capitán de Cº de Artillería; Secretario, Gastón Guzmán Roullet, Suboficial de Infantería; "otro: El Artillero Segundo, Ricardo Hernández Sanjuán" (eskuz idatzia azken honi dagokiona)]. Hauexek auzipetu kideen izenak: JENARO MITXELENA MITXELENA, BIXENTE LIZASO LIZASO, JAZINTO ORTOLAIZ UMEALDE, JUAN JOSE ARBELAIZ MITXELENA, baita honen seme-alaba MARTZIAL eta MARIA LUISA ARBELAIZ AIZPURUA ere, eta DOLORES ZAPIRAIN AIZPURUA, azkenik. Kargua: “delito de auxilio a la rebelión”, edo “delito de rebelión militar” (bietara agertzen baita paperetan). Herri-salatzailearen eskaera: bederatzi urteko presoaldi handia gure aitarentzat (eskaera bera Bixente Lizasorentzat; hamabost urteko presoaldi txikia Jazinto Ortolaizentzat; eta absoluzio librea gainerakoentzat). Guztiontzako absoluzio librea, abokatu defentsariaren eskaera.

Hauxe dio, Roman Irigoieni buruz, 1938-03-02ko (Burgos. “II Año Triunfal”) absoluzio-sententziaren atarikoak: «(…) Y el procesado ROMAN IRIGOYEN MICHELENA, médico de Alza, se destacó asimismo por su filiación nacionalista y por el apoyo que prestó a la candidatura de dicho partido [Nacionalista Vasco] en aquellas elecciones; sin que haya constancia de que ni uno [Jenaro Mitxelena Mitxelena] ni otro procesado [gure aita] tomaran parte en actos o manifestaciones de hostilidad contra el Ejército, ni inmediatamente antes ni ya iniciado el glorioso Movimiento durante el cual, el segundo continuó prestando sus servicios profesionales… (…)». Eta aurreraxeago honela dio auzipetuei buruz sententziak, kontuan-hartuzko (”considerando”) batean, ohiko termino hanpatsuak darabiltzala: «CONSIDERANDO que la falta de actuación probada de todos los procesados, excepto JACINTO ORTOLAIZ, al lado de los rebeldes y en actos o manifestaciones de hostilidad contra el Ejército en el período de la dominación marxista en la provincia de Guipúzcoa, y aún en el tiempo que precedió inmediatamente al Movimiento Salvador, envuelve su falta de responsabilidad penal por el delito de rebelión militar que, en grado de excitación ha apreciado el Ministerio Fiscal para los que ostentaron algún cargo en partidos políticos frentepopulistas, ni de otro delito alguno.». Eta hauxe, hurrengo kontuan-hartuzkoak dioena, Jenaro Mitxelenaren eta Roman Irigoienen inguruan: «CONSIDERANDO que los procesados MICHELENA e IRIGOYEN, destacado el primero en la política nacionalista de Oyarzun anterior al Movimiento y el segundo por su profesión [medikuntza] y relaciones izquierdistas que frecuentó, pudieran estar incluídos en el Decreto-Ley de 10 de de Enero de 1937 como posibles responsables civilmente de los daños y perjuicios ocasionados por la rebelión; siendo de la competencia de la Comisión de Incautación de Bienes la exigencia de este tipo de responsabilidades.». Eta azkeneko kontuan-hartuzkoan: «CONSIDERANDO que procede, en consecuencia, la libre absolución de todos los procesados.». Eta amaitzeko, auzitegiaren epaia: «El Consejo de Guerra FALLA que debe absolver y ABSUELVE libremente a los procesados GENARO MICHELENA MICHELENA, ROMAN IRIGOYEN MICHELENA, VICENTE LIZASO LIZASO, JACINTO ORTOLAIZ UMEALDE, JUAN JOSE ARBELAIZ MICHELENA, MARCIAL ARBELAIZ AIZPURUA, MARIA LUISA ARBELAIZ AIZPURUA y DOLORES ZAPIRAIN AIZPURUA, por no estimarles responsables de delito.». Epaitegiak, edonola ere, “zuhurtasunezko neurriak” hartzen ditu Jenaro Mitxelenari zein Roman Irigoieni dagokienez: «El Consejo llama, no obstante, respetuosamente la atención de la autoridad judicial sobre la procedencia de remitir a la Comisión de Incautación de Bienes testimonio de los particulares obrantes en esta causa sobre los procesados GENARO MICHELENA y ROMAN IRIGOYEN para la incoación del correspondiente expediente, dada la posición destacada de ambos en el nacionalismo.». Ez dakigu espediente honek inolako ondoriorik izan ote zuen edo ez bi atxilotuengan. Nolanahi ere, behin absoluzioa emanda eta bion errugabetasuna ziurtatuta gero, zergatik abiarazten dute espedientea? Izan ere, errugabetzat bazeuzkaten akusatutako delituz (”auxilio a la rebelión” edo “rebelión militar”), nola zitekeen bi auzipetuok, egin ez zuten delituak eragindako kalte-galeren balizko erantzule zibilak izatea («…como posibles responsables civilmente de los daños y perjuicios ocasionados por la rebelión…»)? Ez bururik ez buztanik ez duen beste inkoherentzia bat gehiago…

(Bitxikeria gisa, hauxe: aitak uste zuen, bere xalotasunean, espetxean sartu eta hurrengo egunerako kalean izango zela, ezer ez baitzuen egin berak! Usteak, ordea, bi erdiak ustel: lehenengo gauean, egonaldiaren oroigarri bat izateko asmoz-edo, gela marrazteari ekin zion; gela hura, baina, beste mila bider marrazteko adina denbora izango zuen gerora ere gaixoak, urtebete eta zortzi hilabete pasatxo igaro behar izan baitzuen espetxean prebentibo gisa…)

Bizitza eta osasuna ere hondatu zizkion espetxealdiaren kontsolamendu eta aringarri bezala har genitzake bertan idatzitako erdarazko olerkiak (erromantze eta sonetoak), estilo landu eta jasoan burututakoak. Poesia klasikoaren ereduzko lan liriko-erlijiosoen ildotik, konstante bat da kartzelako olerki hauetan barkamen biblikoaren laudorio eta gorespena: Gurutziltzatuaren kontenplazioak barkamenaren bidetik darama otzanki apur bat lehenago mendekuaren oihua botatzear zegoen preso errugabea. Horietako soneto batean (Mi paciencia a sufrir más ya no alcanza… bertsoarekin hasten dena, 1937-10-01ekoa), adibidez, etsaiari barkatzearen berrespenean datza olerkiaren muina. Urtebeteko itxialdi jasanezinezkoan («…un año de encierro interminable…»), bere errugabetasuna haztatzean, zorigaiztoko bizitza hartara egotzi zuen salatzaile maltzur, zital eta gorrotagarriaren aurka bultzatzen du hiraldiak, mendekuzko desirak zein suminak asmo gaiztoz beteriko errugabea hartuta: «Mi inocencia al palpar, la ira me lanza / contra el ser vil, artero y detestable / que me arrojó a esta vida miserable, / y a mi boca un clamor sube: ¡venganza!». Barkamen eta oinazearen ispilu den Jesus gurutziltzatuaren irudiaren aurrean, ordea, sentimen kristauaren sublimazioz, leunak iruditzen zaizkio oinazeak mendeku grinak menderatzen dituen errugabeari. Halaxe diote bi hiruko nagusiek: «Mas elevo los ojos, y pendiente / al verte, mi Jesús, de dos maderos, / modelo de perdón y sufrimientos, / sobrecogido mi ánimo se siente, / y humilde dominando mis instintos fieros / suaves me parecen mis tormentos.». Mendekuzko talioiaren erreinuan -begia begi truk- gaur egun ia pentsa ezinezko den kristau-barkamenezko heroi ekintza berea, baita beren buruak kristautzat dauzkaten asko eta askorentzat ere… (Are gehiago: zenbaitentzat porrot pertsonala, ahanztura edo saldukeria ere badena, alajaina…) Soilik biktima batzuenganako barkamen-adierazpena ezinbesteko baldintzatzat exijitzen den garaiotan -presoak ezinbestean kondenatuak, zigortuak eta garaituak izan daitezen eskatzen den egunotan, alegia-, ez digu, ez, nolanahiko lezioa ematen biktimak bere ziegatik, kixote baten gisan, bere borreroei guztia barkatzen!

Ez dira olerkietan soilik agertzen etsaiarekiko barkamenezko sentimendu hauek; kartzelatik igorritako gutunetatik gordetzen dugun bakarraren (arestian aipatu 1936-10-05koaren) hitzez hitzeko edukiaren arabera, barkamen-nahi bizi hauexek agertzen baitizkio gure amari ere: «…Ofrezcámosle, pues, con generosidad [Jainkoari] cuantas penalidades vamos sufriendo. Y perdonemos, también generosamente, a quienes a nuestro entender nos hubiesen hecho algún mal, a fin de que por Él seamos perdonados.  Que no en vano así lo repetimos una y otra vez durante el día.». Aitagurean ikasitako barkamen formula bera darabil espetxeratuak salatzailearekiko… Eta guk ere -”Don Romanen” seme-alabok- barkatzen diegu, jakina, geure aitaren etsaiei, baina, ahaztu, nolatan ahaztu gurasoei egindako gaitz eta kalteaz…? Ez amnesiak erabat jotzen gaituen arte behintzat!

Espetxeratzeaz gain, desterrurako agindua (1940-11-27an, Madrilgo Ministerio de la Gobernación - Dirección General de Sanidad-ek emandakoa) ere izan zuen gure aitak, herri mediku gisa, Kantabria mendietako herrixka bakarti batera (Pesaguero) -hartz arrea egoera basatian ikus daitekeen eremuetan, elurteak eta izozteak noiznahi-, baina agindu hura ez zen, zorionez, bete.

Edonola ere, larriagoak jasan behar izan zituen bere anaietako batek, Mañuelek, zeina Iruñeko San Kristobalgo gotorlekuan atxiloturik zegoela fusilatu baitzuten frankistek (ikus Andoni Lekuonak, OIARTZUN 2004 eta 2005ean, fusilatu eta desagertuei buruz, “OROIPENA ZOR” (I eta II) izenpean, idatzitako artikuluak). Anaia zaharrena ere, Xepeino, hantxe izan zuten preso. Xalbador anaia, berriz -osaba apaiza guretzat-, luzaroan erbesteratua egon zen, zeukan postutik -Billabonatik- Ávilan galduta zegoen Casillas izeneko herrixkara bidaltzen zutela [«(...) Y todo debido a la excéntrica situación de este pueblo y a las desdichadas comunicaciones e insuficientes medios. (...)», marra bizkor bezain zehatzez pintatzen digu osaba apaizak herri koxkorraren egoera bihurria, bertatik, 1945-09-07an, igorritako gutuneko pasarte batean].

Gertaera hauen aurrean, eta lehena orainarekin lotuz, hainbat ondorio ateratzera ausartuko gara geure aldetik:

1) Baldin eta “paper ofizialetan” halako faltsutzeak badaude, sinestezina badirudi ere… zer nolakoak aurki ez genitzake -zabarkeriazko edo maleziazko huts egitez-, existitu, behin ere existitu ez diren paperetan, edota, agian makurrago dena, suntsitu dituzten haietan?;

2) Aspaldiko asmakizuna dela, ez oraingoa soilik, errugabeak luzaroan preso prebentibo gisa atxilotuta edukitzea, egoera lazgarri honengatik inongo ordainik hartu gabe;

3) Aspaldikoa, halaber, atxilotuak torturatzea; epaiketak atzeratzea eta luzatzea; presoak sakabanatzea, urruntzea eta isolatzea…;

4) Aspaldikoa… norabide bakarreko indarkeria erabakitzea eta finkatzea; baita nortasun kolektiboaren kontrako errespetu eza eta jarduera ere;

5) Betikoa, besteek ezartzen diguten geurea ez den justizia;

6) Betikoa, hitz batez, justizia ezaren bidegabeko justizia…;

7) Sekula barkamena eskatu ez duena, ezta barkamen-adierazpenik egin ere, ez dela nor, berak bete ez duen hori beste inori exijitzeko;

8) Eta azken ondorioa: gerra galtzaileen oinordekook; munduratu ginenetik gaurdaino bizi izan dugun egoera inposatu honekin, deseroso ez ezik, erabat gogoz kontra ere gaudenok; eta, hitz batez, mendekotasunik gabeko egoera hobe baten bila gabiltzanok, ahalegin handiak egin beharko ditugula, baldin eta geure giza eskubide eta zibil osoak noizbait eskuratzea nahi badugu, baita herri zahar honen aitorpen politiko zein juridikoa lortzea nahi badugu ere, aldi berean: ahaleginak egin beharko ditugu, eta ez nolanahikoak, gainera, euskara bera ere epaitegietatik kartzelara daramaten egunotan.

Etiketak: ,

Iruzkin 1

  1. jesus muñoz lucas

    yo fui paciente de D.roman en los años 50 y jugaba en el fronton con su hijo marcial,los zugasti,y los murillo, por cierto gran medico y escelente persona estoy escribiendo desde valladolid una vez retirado de profesor de DON BOSCO un saludo

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Martxoa 2024
A A A O O L I
« ots    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Azken iruzkinak

  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »
  • Maira
    (2024, Martxoak 2)
    «Hola necesito contactarme con las señoras Verónica. Recién leo esto. Soy la novia del nieto de olivo. Su papá Carlos. ...»
  • Luma
    (2024, Otsailak 17)
    «Oso oso interesgarria. »

etiketak


Sarean