Herrerako emakumeok Donostiako alkateari

2008, Uztailak 31

Herrerako emakumeak

Donostiako Alkate jauna:

Gutun hau sinatzen dugun emakumeok oso emakume ezberdinak gara. Batzuek ilea urdinduta daukagu, eta horrexegatik nahi izaten dugu denbora astiroago joatea. Aitzitik, beste batzuek denbora azkarrago joatea nahi dugu nerabezaroko une gogorrak lehenbailehen pasatze aldera. Beste batzuen arabera, ordea, denborak bere abiadura dauka, besterik gabe. Jaio garen garai ezberdinek baldintza eta aukera ezberdinak eman dizkigute gure bizi proiektua erabakitzeko. Hala, batzuek oinarrizko ikasketak ditugu, beste batzuek batxilergoa eta lanbide heziketa egiteko aukera izan dugu eta beste batzuk, gazteenak batik bat, unibertsitatean ikasten ari gara. Gure arteko beste ezberdintasunetako bat da batzuk amonak eta amak garela eta beste batzuk alaba edo biloba baino ez garela, eta izango garela. Era berean, gure lanbideetan, gure soldatetan eta pentsioetan ere badugu ezberdintasunik, horiek, oro har, gizonezkoenak baino urriagoak eta prekarioagoak badira ere. 

Herrerako emakumeok gero eta askotarikoagoak gara, munduko hiri askotan gertatzen den bezalaxe. Ezberdinak gara gure erlijio pentsamenduan, batzuk katoliko elizkoiak baikara, beste batzuk agnostikoak edota erlijio sinesmenik gabekoak. Hala, sexu joera ezberdinak ere baditugu, hiriko beste edozein lekutan bezalaxe. Era berean, ideologia politiko ezberdinak ditugu eta botoa talde ezberdinei ematen diegu; ezkerrekoak, eskuinekoak edo erdikoak, abertzaleak ala ez. Gure familien jatorriak ere ezberdintasunak ezartzen ditu gure artean. Batzuk beste autonomia erkidego batzuetatik etorritakoen senitartekoak gara, beste batzuk bertako familietako hainbat belaunaldiko kide gara edota urruneko herrialderen batean jaiotakoak gara. Gutako asko familia “mestizoko” kide gara. Bestalde, guztiok familiaren zaintzaren arduradun izateko hezi gaituzte, baina gure artean badira etxeari eta familiari arreta ia esklusiboa ematen diogunak zein lan horri denbora eta ahalegin gutxiago eskaintzen diogunak; edonola ere, oro har gizonezkoek baino denbora gehiago ematen dugu zeregin horietan. 

60ko hamarkada baino lehen auzoan jaio ginenok gogoan dugu Herrerako hiri-hondamenaren hasiera. Espekulazioak eta garaiko sistema politiko autoritarioak errepidez betetako eta gutxieneko jendarte-ekipamendurik gabeko gune bihurtu zuten Herrera. Egoera tamalgarri horrek, aldaketa txikiekin, bere horretan iraun du gaur egun arte. Iraganeko esku-hartze urbanistiko txikitzaileenak honakoak izan ziren, besteak beste: azokaren eta frontoi zaharraren eraispena N-1eko hormak eraiki ahal izateko; Txingurri (Errota Zahar) sagardotegiaren eraispena etxebizitza dorreak eraiki ahal izateko; San Luis Gonzaga eliza eta ikastetxearen eraispena A-8 errepidearen N-1erako irteera egiteko; Txingurri erreka ur beltzen hodi biltzaile kirastu bihurtzea. Eta orain dela gutxi, Peruene baserria galdu dugu, egungo Barne-Erreformarako Plan Berezian (PERIan) hala aurreikusita zegoelako.

Gure arteko ezberdintasunak gorabehera, guztiok erabaki dugu orain dela 5 hilabete baino gehiagotik Herripek asteroko ostiraletan deitzen dituen elkarretaratzeetan parte hartzea. Eta hantxe biltzen gara, N-1 errepidearen erdian edota Donostiako udaletxeko ateen aurrean, kezkatuta eta auzoaren bizi-kalitatearen aurrean itxaropenari eutsi nahian. Auzotarren arteko zita hauen bitartez, PERIaren barruan eraikitzen ari diren bide-azpiegitura erraldoia, beste behin ere, gure eguneroko bizitza bortxatzen duen beste egitasmo urbanistiko agresibo bat dela jakinarazi nahi diegu udal agintariei. Zuk ondo dakizun bezala, Alkate jauna, aipatutako eraikuntza auzoaren erdi-erditik altueran igaroko den errepide erraldoia da. 20 metro izango ditu zabal eta trenbideko zubiari atxikita igaroko da garaiera ertainean. Ibilbide horretan, Txingurriko etxebizitza batzuetatik 10 metro eskasera igaroko da. Beheko aldean bi metro baino gehiagoko garaiera duen hormigoizko akueduktu erraldoi eta mehatxatzaile bat izango du atxikita. Auzoa alde batetik bestera zeharkatzeko bial-akueduktuaren azpitik igaro beharko da, 2,5 metroko garaiera baino ez duen oinezkoentzako pasabide luze eta ilun batean zehar. 

Gure ezadostasuna adierazteko bandera berdeak ipini ditugu gure etxeetako leiho eta balkoietan; Udalaren planei alegazioak sinatu ditugu, baita udal osoko bilkuran mozioa aurkezteko eskabideak ere. Era berean, Arartekoaren bitartekaritza lanen alde agertu gara, baita Herripek aurkeztutako eta Koldo Telleria eta Iger Iñarra arkitektoek egindako proposamen alternatiboaren alde ere. Baina ez dugu erantzunik jaso. Aitzitik, proposamen hau jendaurrean aurkeztu zenetik, lanen erritmoaren azkartze nabarmena sumatu dugu. Udal agintariek auzotarren aurkako lehia zital bati ekin diotela dirudi, eta ekinbide urbanistiko okerrak atzerabiderik gabeko erabakien bitartez estaltzeko modua dela deritzogu, bial-akueduktuaren diseinua eta trazadura aldatzeko aukera lehenbailehen aztertu beharrean. 

Egoera tamalgarri honen aurrean, gure eguneroko bizitzaren etorkizunaren gaineko hausnarketa batzuk helaraztea erabaki dugu, Alkate jauna. Geu bezalaxe, zeuk ere badakizu urriak direla oraindik familiarekiko arretari eta etxeko lanei dagokienez gizonezko, elkarte eta enpresek egin dituzten aurrerapenak, eta horrexegatik, geu gara oraindik ere ordaindu gabeko lan horiek egiten ditugunak gehienetan. Rol diskriminatorio hori dela-eta, oinezko ibilbide labur asko egiten ditugu adin txikikoak edota mugikortasuna mugatuta duten pertsona helduak laguntzen, eta garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak gara. 

Hala, Herrerako emakumeok bial-akueduktuaren azpitik pasatu beharko dugu egunean hainbat aldiz, ezinegona sortzen duen egitura hori gure buruen gainean sentituz. Egun argiz, pasabidea azkar igaroko dugu gure etxeetatik hurbil dauden lekuetarako joan-etorrietan (lantokia, ikastola edo eskola, okindegia, harategia, osasun zentroa, parkea, autobus geltokiak, topo edo tren geltokiak, etab.). Gaua denean, amona, ama, alaba edota biloba izan, are eta azkarrago igaroko dugu, hormigoizko pilaretzarrak eraso sexualen mehatxua sentiaraziko diguten puntu “beroak” izango direlako. Gainera, trafikoak gure etxeko garbitasunean eta gure familiaren osasunean izango dituen ondorioez kezkatuta egongo gara, zarata, hautsa eta kutsadura egongelan, sukaldean, logelatan sartuko baitzaizkigu. Azkenik, Herreran utzi ziguten azken ondare historikoaren galera sentituko dugu, trenbideko zubiaren kalitate arkitektonikoa alimaleko lan suburbial horrek estaliko baitu, inolako nahi estetiko edo kulturalik ez duen lan horrek. 

Gutun hau sinatzen dugunon artean helduenei ez zitzaigun aspaldiko hamarkadetan egindako esku-hartze urbanistikoen gaineko kontsultarik egin. Une haietako autoritarismo politikoak ez zuen beharrezkotzat jotzen halako erabaki publikoek gure eguneroko bizitzan izango zuten eraginaren inguruan kontsulta egitea -are gutxiago emakumeei kontsultatzea-. Hala ere, gaur egun udal agintariek gu entzutea posible dela sinetsi nahi dugu. Pentsatu nahi dugu auzo bateko emakumeek Herriperena bezalako proposamen serioak defenditzeko ahaleginak egiten dituztenean, talde tekniko eta politikoek, udal, foru edo erkidego mailan, proposamen horien alde egiten dugunokin batera aztertu eta eztabaidatzeko aukera badagoela. Azken batean, Alkate jauna, -erakundeak zein hiritarrok- eztabaida eta parte-hartze esperientziak hobetzeko gaitasuna badugula sinetsi nahi dugu, emakumeon ahotsa eta beharrak kontuan hartuta.

Herrera-Altza, 2008ko Uztailaren 23an.

Iruzkin 1

  1. marian morales merino

    mi ama estudio contigo que gracia y yo yo estoy con una mujer que se yama Mercedes es la directora de modas guipuzcoa que estoy en Euromodabasque en el Antiguo haciendo cursos con el paro.

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Martxoa 2024
A A A O O L I
« ots    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Azken iruzkinak

  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »
  • Maira
    (2024, Martxoak 2)
    «Hola necesito contactarme con las señoras Verónica. Recién leo esto. Soy la novia del nieto de olivo. Su papá Carlos. ...»
  • Luma
    (2024, Otsailak 17)
    «Oso oso interesgarria. »

etiketak


Sarean