Altzako Historia Mintegiaren iritzia, Pasaiako Udalak mugaren inguruan planteatu duen gatazkari buruz

2005, 1 de Noviembre

Pasaiako Udalak, hiribilduaren sorreraren berrehungarren urteurrena dela-eta, kanpaina bat burutu zuen joan den ekainean Pasaiako udal-barrutiak hartu beharko lukeena “itzultzearen” alde. Haren ustez, udal-barruti horrek Altza udalerria zenaren udal-barrutiaren zati handi bat hartuko luke.

Altzako Historia Mintegia, —Altzako komunitatearen eta haren ondarearen iraganaz, orainaz eta etorkizunetaz arduratzen den elkartea— momentu horretan isilik geratu zen, argitaratzeko baitzegoen Pasaiako udalak erabili behar zituen argudioak azalduko zituen liburua. Liburu hori, udalak editatua eta Aranzadiren babesa duen David Zapirain historialariak idatzia, Pasaiako lau barrutietan aurkeztua izan zen ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran, eta auzokideen artean doan banatua.

Liburuan bildutako argudioak arretaz irakurri ondoren, eta egileak testuan zehar azaltzen dituen datu horiek soilik erabiliz, egileak egiten dituen balorazioekin ez baikaude batere ados, argi eta garbi esan behar dugu aldarrikapen hori ez datorrela bat dauden datu historikoekin, eta, aldi berean, bidegabekeria larri bat dela dagoeneko oso kaltetua dagoen Altzarentzat. Izan ere, Altza Pasaia bezalaxe, bidegabekeria askoren biktima da, eta, aldarrikapen honen bitartez, Pasaiako gaitz guztien errudun eta petxero bihurtu nahi dute.

Datuak hauexek dira:

  • 1804ko uztailaren 21ean, Vargas Poncek, erregeren mandatariak, Pasaiako portuari buruzko txosten bat idatzi zuen, eta bertan hiru “providencia” idatzi zituen:
  • Lehenengoan zioen: ” Separar la aldea de Pasajes de la jurisdicción de San Sebastián… y unirla a la villa de Pasajes que está enfrente de ella… Que a esta se le dé de término el cortísimo que en la actualidad tiene, con mas la parte que se estime hasta la sima del monte Ulia… el cual incluya todo el Puerto de Pasajes que hoy llama San Sebastián suyo…”. Horren arabera, beraz, aipatu egiten da nolako barrutia beharko luke izan, baina ez du esaten zehatz-mehatz zeintzuk izan behar zuten muga horiek.
  • Segidako beste bietan, Vargas Poncek portuaren jabetzaz eta honen jurisdikzioaz arduratu zen, izan ere, hori baitzen mandataria izendatzeko helburu nagusia: ” Volver a declarar que el puerto corresponde únicamente a Su Majestad”. Hau da, Pasaiako udalerria sortzearekin batera, Pasaiari portua kontrolatzeko aukera kendu zitzaion, eta, hori zen, gure iritziz, arazo honen guztiaren mamia. Vargas Poncerentzat, beharrezkoa zen udalerri berria sortzea Donostiaren seiehun urteko kontrol zuzena kentzeko eta etorkizunean portuaren inguruan egin zitekeen edozein aldarrikapenari ateak ixteko.
  • 1805eko ekainaren 1ean, erregearen agindu batek Pasaiako hiribildua sortu zuen, hitz hauek erabiliz: ” reducir a una sola Villa en lo civil y eclesiástico a las dos poblaciones de Pasajes, de modo que cada uno de los dos barrios que divide el canal del puerto formen en lo sucesivo la Villa de Pasajes, siendo cada uno parte integrante de ella, y disfrutando ambos de los nuevos términos que Su Majestad ha venido a señalar”. Horrekin batera, beste lau agindu gehiago eman zituen, lauak estatuak portua kontrola zezan bideratuak. Vargasen txostenean bezala, portuari dagozkion gaiak ongi zehaztu zituen bitartean, udal-barruti berriari dagokiona ez zen inolaz ere zehazten.
  • 1805eko abuztuaren 29an, Vargas Poncek, —”debiendo su señoría partir a continuar su comisión en otros puntos”, berak bultzatutako autoan jasotzen den bezala— Pasaiako udal-barrutiak beharko zuenarekin plano bat marraztu zuen eta eskribau publiko baten aurrean protokolo bat jarri zuen martxan. Planoan bertan idatzitako autoan, Vargasek dio: ” ha de tener la indispensable aprobación de su majestad y no está hecha con unánime consentimiento de las partes interesadas en ello”, eta protokolatzea agindu zuen helburu honekin: ” el dicho original si S. M. tiene a bien aprobarlo… o se pueda hacer en él las modificaciones o reformas que sean de su real agrado”. Orain arte, inon ez dago jasoa erregeak plano hori onartu zuenik. Eta, hain zuzen ere, hori da arrazoi bakarra zergatik Pasaiak ez du inoiz eta inolaz ere lurralde horretan bere jurisdikzioa erabili.
  • 1890ko ekainaren 21ean, Auzitegi kontenzioso-administratiboak sententzia bat eman zuen Molinaoko errioan lehortutako lurraldea, Antxoko barrutiari dagokiona, Pasaiari emanez. Sententzia horretan, tribunalak Vargasek marraztutako planoa aintzat hartu zuen, baina, aldi berean, ondoko kontsiderazio hau ere kontuan hartu zuen: ” Considerando que si es cierto que no consta que tales trabajos fuesen aprobados de un modo expreso por el rey…”. Eta arrazoi horrengatik, tribunalak Pasaiari itsasoari irabazitako lurraldea soilik eman zion, portuan itsas gora iristen den lekuraino marrazten den lerroa, eta, inolaz ere, tribunalak ez zuen erabakirik hartu ordura arte Pasaia eta Altzaren artean zegoen mugari buruz eta, beraz, aldaketarik ez zuen egin.

Dena delakoa, Vargas Poncek bere ahaleginean arrakasta edukiko izan balu, Altzari bere ondasunaren zati handi bat indarrez kenduko zioten eta afektatutako altzatarrentzat bidegabekeria izugarria izango zen, ilustratuen “dena herriarentzat baina herriarekin kontatu gabe” esaldiaren biktimak, dudarik ez. Pasaiak aldarrikatzen duen lurraldea, oso-osorik Altzako baserrien lurrak ziren, eta baserri horietako biztanleak Altzako bizilagunak, auzokideak, hautesleak eta zinegotziak ziren, baita San Martzial parrokiko eliztarrak. Berrehun urte horietan, Altza independentea izan den denboraldietan, bere udalak jurisdikzio oso-osoa erabili du lurralde horretan. Vargas Poncek lortu zuen portua estatuaren eskuetara pasatzeko helburua baina huts egin zuen Pasaiarentzat muga berriak finkatzeko orduan.

Hala eta guztiz, zer irabaziko genuke Azkuene kaleko arazoak Mirakruz-gainara lekualdatuz? Edota, Eskalantegi kaletik Larratxo pasealekura? Pasaia, seguruenik, zerga gehiago bilduko lituzke, dauden hutsarteak auzo berriez bete ahal izango du eta, urte batzuen buruan, gaur egun Pasaiarentzat egoera itolarria bihurtu duen arazoen aurrean egongo gara.

XIX. mendea atzean geratu zen. Historia, aiztoak bezalaxe, bai hiltzeko baita sukaldean aritzeko ere erabil daiteke, gatazkak eta gerrak antolatzeko edota mundu hobe bat eraikitzeko. Gu azkeneko honen alde gaude. Altzak eta Pasaiak inguru eta etorkizun bera daukate. Eta horretarako gure bizitzeko baldintzak hobetuko dituzten zerbitzuak elkarrekin sortu eta elkarrekin kudeatu beharko ditugu. Alde bateko beste edozein aldarrikapen, iluntasunean eta nahasmenean etekinak irabazi nahi dituenen onerako izango da soilik.

Emaiguzu zure iritzia

Altzaren etorkizunerako garrantzi handiko gaia izanik, zuregana jo nahi dugu honi buruzko zure iritzia eskatzeko. Jasoko ditugun iritziei zabalkunde handiena ematen ahaleginduko gara, bai Estibaus buletinaren bitartez baita Altzaren web orrian ere (www.altza.net).

Bereziki, ondoko puntu jakin hauei buruz ezagutu nahi genuke zure iritzia:

1. Oinarririk ikusten al diozu aldarrikapen horri?

2. Pasaiako zein arazo bideratu ahal izango zen bere udal-mugen zabaltzearekin?

3. Altzarentzat, nolako ondorio positibo zein negatibo izango luke balizko udal-barrutien aldaketa batek?

4. Hori gertatuz gero, zein uste duzu izan behar duela Altzaren erantzuna?

Etiquetas: , ,

Dejar un comentario

Estibaus

Categorías

Marzo 2024
L M X J V S D
« Feb    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Últimos comentarios

  • Roberto López
    (2024, 27 de Marzo)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, 27 de Marzo)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, 22 de Marzo)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »
  • Maira
    (2024, 2 de Marzo)
    «Hola necesito contactarme con las señoras Verónica. Recién leo esto. Soy la novia del nieto de olivo. Su papá Carlos. ...»
  • Luma
    (2024, 17 de Febrero)
    «Oso oso interesgarria. »

etiquetas


En la red