Joxerra: “Mendira joateari ez diot inoiz utziko, beharra bilakatu zait”

2016, Martxoak 15

joxerra

Kirolak harremanetan jartzen gaitu gure buruarekin, ondoan dauzkagun lagunekin, eta, askotan, mendizaletasunaren kasuan bezala, naturarekin. Gure artean, Joxerra Fernandez Cañada, Joxerra dugu esperientzia hori bere artikuluen bitartez ederki islatu duena. Joxerra AHMko partaidea da elkartea sortu zenetik eta mendizalea. Gertuko eta urrutiagoko bideak egin ditu, beti argazki makinaz lagunduta, eta ibilera horien berri utzi digu Altza Hautsa Kenduz liburu bilduman argitaratutako artikuluetan. Azken urte honetan arreta berezia eskaini diogu kirolari eta kirolariei, eta horregatik oso aproposa iruditu zaigu Joxerrarekin elkarrizketa bat egitea bere kirol zaletasunaren nondik norakoa hobeto ezagutzeko.

Haurtzarotik has gaitezen, Joxerra. Ze oroitzapen gorde duzu garai hartatik?

Tarancón-en (Cuenca) jaio nintzen, 1958ko martxoaren 15ean. Hiru urterekin Altzara ekarri ninduten. Etorri berriak ginelarik, izeba baten etxera joan ginen bizitzera, Sta. Barbara auzoan, gure etxearen eraikuntza bukatzen zuten bitartean, Errotetan.

Haurtzaroko oroipen batzuk gogoan ditut, adibidez, telebista lehen aldiz etxean agertu zenean. 1966. urtean izan zen. Ordura arte, gure etxean, irratiak eskaintzen zizkigun ahots eta musika ezberdinez entretenitzen ginen. Ildo horretatik jarraituz, bazegoen gure etxetik hurbil gozotegi bat; igandetan, pezeta baten truke, bere denda-ostean zuen alfonbratxo baten gainean, haur programa ikusten uzten gintuzten; esan beharrik ez dago auzoko haur gehienak bertan biltzen ginela.

Eta eskolan?

Eskolako oroipenen artean, Erroteta eskola, bere irakasleekin: D. Justino, D. Felipe eta D. Bernardo, azken honekin kurtso batzuk aritu nintzelarik. Oso gizon zuzena zen, heziketa militarrekoa, baina bihotz onekoa. Bere gelan, lau kurtsotako ikasle guztiak batera ikasten genuen, guztira 62 ginelarik.

joxerra-gazte-leku-c205a-017Auzoko Gazte-Leku elkartean ibili zinen.Zer suposatu zuen garai horrek gero egin duzun ibilbidean?

16 urterekin, Gazte-Leku elkartean sartu nintzen; auzoko gazte guztiak biltzeko aukera genuen gunea zen. Jesuitena zen, baina erlijio kutsurik gabekoa. Gazte-Lekun pertsonen arteko harreman ezberdinetatik ikasi nuen, baita gutxika helduen mundu konplexuan ere mugitzen. Han, mendiaren munduan murgiltzen hasi nintzen, gu baino gazteago zein zaharrago ziren batzuen konpainiaz lagundurik. Mendian esperientzia hartzen genuen eta hala asko ikasi genuen, elkartearen zuzendaritza ere hartuz.Txangoak antolatzen hasi ginen, hasierako batzuk Astindari elkartearekin batera egiten genituelarik. Saioa, Udalaitz, Auza, Gorbeia eta abar luze bat oinpean hartu genituen. Baina behar bada biltzen ditudan oroitzapenik goxoenak 1977ko aste santuan Picos de Europara  egindako txangoa eta 1976an Aneto mendira egindako gailurreratzea dira. Ordutik, mendiaren maitale sutsua bihurtu nintzen. Aurrerago, Urbión, Moncayo, Sierra Nevada, Alpes eta Pirinioetako hainbat eta hainbat toki zein txokotan egon naiz, konpainia onean batzuetan, mendiaren bakardadeaz gozatuz bestetan.

Marokoko Atlas mendikatea ere berezia izan da zuretzat.

Berrogei urte dexente beteak nituen eta Marokoko Atlas mendietara joateko aukera egokitu zitzaidan. Lagun batek Marrakech hiriraino furgonetaz hurbildu ninduen eta handik mendi elurtsu haietara iristeko ni bakarrik konpondu behar izan nintzen. Gabezi batzuk pasa ondoren, azkenean, Imlil herrixkara iritsi nintzen. Handik, eramandako zama guztiak mando batez lagunduta, Netler deitutako aterperaino.

Biharamunean, Toubkal mendira igo nintzen iparamerikar batzuk bidelagun izan nituelarik. Aurrerago, Atlas mendietatik beste lau alditan ibilia izan naiz. Egondako azken hauetan, kirolzaletasunagatik baino giza faktoreengatik izan da.

Bai, Hautsa Kenduzen idatzi zenuen han bizitako esperientziaz. Atsegin duzu idaztea...

Bai, betidanik. Gazte-Lekun, 17 urte nituelarik, plazaratzen ziren hainbat idatzi nik sortutakoak ziren; hainbat olerki ere idatzi izan nituen. Euskal mendizale federazioaren aldizkarian, Pyrenaican, artikulu batzuk idatzi ditut, bai euskaraz baita erdaraz ere. Azken aldian, Oreretako mendi taldearen aldizkarian, “Gure Artean” idazten  dut.

Euskara zureganatu duzu. Nola jarri zinen harremanetan euskararekin eta zerk bultzatu zintuen hizkuntzaz jabetzera?

Gazte-Lekuko kide ia guztiak etorkinen seme-alabak ginen, beraz, euskararen erabilera oso urria zen, non entzun eta ikasi ez genuela. 1978. urtean, elkartea desegin zenean, gure koadrila Oreretara etortzen hasi zen, euskara gero eta maizago entzuten eta euskara eta Euskal Herria zer ziren barneratzen eta kontzientziatzen joanez.

Soldaduska bukatu orduko, etxera bueltatu eta derrigortze kutsu hori izanik, nire hurrengo zeregina zein izango zen argi nuen: euskara ikasi. Buru-belarri hasi nintzen harekin. Udan, kurtsoa bukatzen zenean, irakasle partikularrak bilatzen nituen, ikasketei etenik ez emateko.

Hasieran zure argazkigintzarekiko zaletasuna ere aipatu dugu. Zure argazkiak gordeak dauzkagu gure bilduman eta egutegiren batean ere argitaratu ditugu. Mendia eta argazkigintza lotuak daude, ezta?

Ia mendizale gehienok, betidanik, argazki kamera bat lagunduak joan izan gara mendira. Nire ustez, mendian ibiltzen garenok, naturarekiko sentsibilitate berezi bat dugu, eta han aurkezten zaizkigun edertasunak etxera ekarri nahi ditugu, momentu zehatz haietan sentiarazitako hori etxean gozatzen jarraitu, eta gure familiarekin eta lagunen artean partekatzeko. Hasiera batean, argazkiak zuri-beltzekoak ziren, plastikozko kamara xume  batez ateratzen genituenak. Horien ondoren, diapositiben munduan ere murgildu nintzen. 25 urtetan zehar 10.000 bat diapositiba egin ditut. Beranduago, digital mundua etorri zen eta geroztik mundu  berri bat ere zabaldu zait, non gutxinaka bada ere murgiltzen hasia nagoen. Gaur egun, plastikozko marko txiki horietan bildutako momentu horiek guztiak digitalizatzen ari naiz, gazte garaiko oroitzapen horiek guztiak gal ez daitezen. Argazki kamera gainean eramateak gauza guztiak ikuspegi zabal batetik baino modu ezberdin zehatz batetik ikustarazten dizu; erderaz “deformación profesional” esaten dena.

Mendizaletasunak marka uzten du eta urteak pasa ahala marka sakonagoa da, ezta?

Mendira joateari ez diot inoiz utziko, beharra bilakatu zait, inkontzientea agian.Urteekin arduratsuago bihurtzen zara, eta gauza guztiak birritan pentsatzen dituzu egin aurretik. Horrek ez du esan nahi mendi garaiez disfrutatzen jarraitzen ez dudanik, bai, baina urteek ematen dizkidaten erantzukizunak gogoan izanik. Eta zahartzean, haietara heldu ezinik izango naizen horretan, gure bide zaharretatik zehar paseatuko naiz,makila batez lagundurik naturaz disfrutatzen jarraituz, modu ezberdin batetan bada ere.

Etiketak:

4 iruzkin

  1. Joan Mari irigoien

    Joxerra:

    Gazteleku elkartearen garaikoa bazara, ezagutuko zaitut… bistaz gutxienez.

    Hala, bada, barkatu atrebentzia, zuri zuzentzen banatzaizu… Izan ere, duin-duina iruditu zait elkarrizketa; interesgarriak, zure mendizaletasun-argazkizaletasun-izkiriazaletasunak; eredugarria, euskarekiko jarrera. Horregatik guztiagatik, ZORIONAK eman nahi dizkizut…baita aholku bat ere, orain artean ongi baino hobeto bete duzuna: “Eutsi goiari!”.

    Besarkada bat:

    joan mari irigoien

  2. Estrelli de la Cruz

    Aupa Joxerra¡¡¡¡

    Zorionak, bai artikulu eta urtemugagatik ere.

  3. Xabi Mendizabal

    Ieeppaaaaaa, Joxerra. Gutxi gora behera ulertzen dut zure entrevista (nire euskara pixkat bat prekarietatea da), baina tira, zure bizimodua ezagutzen dut, eta niretzat ez dago oso zaia ulertzeko zure “experiencia vital”. Mendiko lagunak gera, eta mendian ia ia bizitza osoa laguntasuna egiten dugu (he querido decir algo así como que somos amigos de montaña, y en la montaña, casi casi, todas las amistades son para toda la vida). Barkatu nire euskara. Besarkada bat.

    Xabier Mendizabal.

  4. Luismari Ralla Arruti

    Atsegin handiz irakurri dizut, eta gazte garaian bizitutako zenbait egoera itzuli zait gogora, bai mendi-irteeren inguruan, eta nola ez, gure hizkuntzaren egoerari buruz. Animo eta ikusi arte!

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Iraila 2018
A A A O O L I
« uzt    
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930

RSS

Azken iruzkinak

  • Miren Koruko González
    (2018, Abuztuak 5)
    «Villa Narcisa "Bien Cultural" eta ONDARE KULTURALA izendatua izatea eskatzen det. Gelditzen zaizkigun PITXIAK geok zaintzen ez baditugu... ze etorkizun izango degu? »
  • Andoni Labaka Erauskin
    (2018, Uztailak 20)
    «Zuen lanei esker zenbait gaien ezagutza hariek irauten dute; berezko izakera eta nortasun jantziez kaleratzen gaituzte. »
  • Estibaus » Lapurreta haren oihartzuna
    (2018, Uztailak 10)
    «[...] hilabete Herrerako Aurrezki Kutxa Probintzialaren sukurtsalean 1984ko martxoaren 29an gertatutako lapurretaren irudiak Estibausen argitaratuz geroztik gertakari haien zuzeneko berriak ...»
  • Estibaus » Sistema de saneamiento-drenaje en Altza
    (2018, Ekainak 22)
    «[...] «aiuntados en el campo de Estibaus segun que lo havemos de uso de costumbre de nos juntar...» (Altza, 1390) ...»
  • Jose Luis Mangas
    (2018, Ekainak 17)
    «Hola, enhorabuena a los organizadores de destapando Txingurri. Una bonita mañana y estupenda informacion sobre Txingurri, donde vivimos. Gracias. Un ...»

etiketak


Sarean