Toschi-Ibérica: amiantoa Altzan

2016, Apirilak 24

toschi-2

Antxon Alfaro

Orain dela 10 urte, 2006ko apirilaren 24an,  Maria Luisa Sarriegi, Errenteriako bizilaguna, pleura minbiziaren ondorioz hil zen. Maria Luisa 18 urterekin Altzako Toschi-Ibérica lantegian hasi zen lanean, amiantoa erabiliz uralita-plakak egiten zituzten lantegian, eta amiantoaren eraginez, hain zuzen, gaixotu eta hil egin zen.

Boost Fibrocementos Toschi-Ibérica lantegia itxi zenean, gaur egun Altzako kiroldegia dagoen tokian zegoen. Hala ere, enpresa honen hasiera Altzan 50ko hamarkadan izan zen Buenavista auzoan, bizikleta-fabrika zaharrean.

Denbora pasa ahala enpresak izen ezberdinak izan zituen: Tellita lehenengo urteetan, Urtellita ondoren, eta Fibrocementos Vascos, S.L. 1961 urtean. Fibrozementu hoditeria ekoizpena handitzeko baimena jaso zuten eta handik bi urtera lekuz aldatzea erabaki zuten. Fresquerías Guipúzcoa fabrika (”beira-fabrika” bezala ezaguna) hartzen zuen orubera, Los Boscos eta Harri-berri auzoen artean, eraman zuten enpresa. Kokapen honetan, Fibrocementos Vascos, S.L. lantegia Alemaniako enpresa batek erosi zuen, izena aldatuz. Handik aurrera, eta behin betiko itxieraraino, 1981 urtean, Boost Fibrocementos Toschi-Ibérica izena mantendu zuen. Urte horretan 120 langilek lan egiten zuten.

Fabrikaren inguruan, 60. hamarkadan zehar, auzo berriak eraiki ziren (Los Boscos, Harri-berri, Harri-zahar…), eta pixkana-pixkana fabrika eta inguruetako bizilagunen arteko bizikidetasuna gero eta gatazkatsuagoa bihurtu zen.

Urte haietan arazoa ez zen amiantoaren presentzia, jende gehienarentzat erabat ezezaguna baitzen, baizik eta ekoizpenean sortutako zarata gogaikarriak eta batez ere gauez fabrikako zisternetan egiten ziren lehengaiaren deskargak. Eta horri guztiari dena estaltzen zuen hauts zurixkaren etengabeko presentzia gehitu behar zen. Los Boscoseko Fernando Torres eta Emilio Kortabitarte bizilagunek gogoratzen duten bezala, udako gau beroak jasanezinak ziren zaratagatik eta bero itogarriagatik, etxebizitzetako leihoak ezin baitzituzten ireki.

Kutsadura horrek, bai akustikoa baita ingurunekoa ere, bizilagunengan estres handia sortzen zuen. Gau batean, Los Boscoseko bizilagun batek bere ehiza-eskopeta hartu zuen eta fabrikarantz abiatu zen,  elkarrizketaren bidez konpontzen ez zena indarrez konpontzera. Zorionez, ez zen ezer larririk gertatu.

Hala eta guztiz ere, haurrentzat Toschi-Ibéricaren kutsadura ez zen arazo bat, jolasteko aukera bat bazik. Lantegiaren hondakinak babesik gabeko putzu handi batean botatzen ziren eta  “lur mugikor edo ilargiko lur” horietan haur askok jolasten zuen. Gaur egun Oleta ikastetxearen eta Buenavistagaineko (Darieta) etxebizitzen artean dagoen aparkalekuan kokatuta zegoen.

Fabrikaren itxiera inguruko bizilagunek poz handiz jaso zuten eta horrekin sufritutakoa bukatzen zela uste zuten. Baina ez da horrela izan. Amiantoa langileentzat, senideentzat edota fabriken inguruneetako bizilagunentzat ekartzen ari den ondorio konponezinak, beharrezkoa egiten du berriro atzera begiratzea. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan, Hego Euskal Herrian amiantoarekiko esposizioagatik jada zazpi pertsona zendu dira.

Azken 30 urteetan, gure komunitatearen historia, kultura eta ingurumenaren ondarea berreskuratzea eta defenditzea izan dira gure xedeak, horregatik  beharrezko ikusten dugu gai honen gainean ere informazio gehiago biltzea. Eta baita ere erakunde publikoei galdera batzuk luzatzea:

  • Maria Luisa Sarriegi, Toschi-Ibérica enpresaren jabeen bortizkeriak, frankismoaren eta post-frankismoaren erakunde askoren onespenarekin, eragin zuen biktima bakarra izan al da? Edo, ezkutatu dituzten biktima gehiago egon al dira?
  • Ba al dago oraindik amiantoa kiroldegiaren zorupean edota aldamenean dauden bi aparkalekuetan? Baiezkoan, osasunerako arriskuren bat ba al dago?

Azken galdera honen erantzuna baiezkoa izatekotan, eta kontuan izanik uda honetan Altzako kiroldegia botako dutela berria egiteko, aukera ona izan daiteke fabrikaren orubea garbitzeko, Oleta ikastetxearen ondoan aurkitzen diren bi aparkalekuen eremuak barne.

Azkenik, fabrika honetan lan egiten zuten pertsonekin edo senideekin harremanetan jartzea gustatuko litzaiguke, lekukotasunak edota materialak (argazkiak, dokumentuak…) jasotzeko. Gurekin harremanetan jartzeko telefonoa (649 49 66 07) edo posta elektronikoa (ahm@altza.net) erabil daitezke.

Etiketak: ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Maiatza 2020
A A A O O L I
« api    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Azken iruzkinak

  • Estibaus » 80 urteko anexioa: aitormena
    (2020, Maiatzak 20)
    «[...] Aurreko sarrera batean Donostiako Udalari dei egiten genion Errepublikarekin zuten konpromisoagatik jazarriak izan ziren zinegotzi altzatarren lan politikoa onar ...»
  • joan mari irigoien
    (2020, Maiatzak 8)
    «Aldez aurretik bada ere, ESKERRIK ASKO, Ion Urrestarazu! jmi »
  • Estibaus » Altza prentsan (1936-1940)
    (2020, Maiatzak 7)
    «[...] Altzako alkate izateari utzi eta hilabetera, Gobernu Zibilak 1.000 pezetako isuna jarri zion Antonio Silvari, babarrunak legez kanpo saltzeagatik. ...»
  • Beatriz Garmendia
    (2020, Maiatzak 4)
    «Por cierto, soy hija de carmen, la hermana de Agueda Otegui »
  • Beatriz Garmendia
    (2020, Maiatzak 4)
    «Hola Edurne, soy Beatriz, sobrina de Agueda Otegui. Si quieres ponte en contacto conmigo, me encantaría saludarte. »

etiketak


Sarean