Ibilaldi historikoa Garbera inguruan

2016, Maiatzak 3

Mikel Ubillos

(Ibilaldian egindako argakiak ikus daitezke hemen)

Ibilaldia Garbera Merkatal Zentroan hasiko da, eta Garbera auzoa ikusi eta Larratxoko parkean zehar ibili ondoren, Lau Haizetara joango gara. Inguru horretan Pelegriñene, Kataliñene, Illarregi eta Marrus baserriak ikusiko ditugu. Hortik Ametzagaina parkean sartuko gara eta Historiaurreko aztarnak aurkitu diren paleolitiko garaiko kokalekua ezagutzeko aukera izango dugu. Ondoren Ubarako bidea hartuko dugu Plasentzia baserri ondotik igaroz. Azkenik, Ametzagainako gotorlekuraino helduko gara eta bisitatu ondoren Merkatal Zentrora itzuliko gara. Denera 5,1 kilometro dira, errazak ibiltzeko eta 3 ordubete eskas beharko ditugu egiteko.

Sei geldiune egingo ditugu:

  1. Garbera auzoa.
  2. Pelegriñene.
  3. Marrus.
  4. Paleolitiko garaiko Ametzagainako aztarnategia.
  5. Ubako ermita.
  6. Ametzagaina gotorlekua.

ibilbidea

Ibilaldia Pdf formatuan hemen.

Hasi aurretik esan behar dugu Altzan arrunta dela gaskoi jatorrizko izenekin topo egitea. Izan ere, Antso Jakituna nafar erregeak 1180. urtean Donostiari hiri-gutuna eman zionetik aurrera gaskoiak etorri ziren inguru hauetan bizitzera: Arzak, Aduriz, Estibaus, Sius, Mercader, Hua (Uba)…, eta Garbera bera.

1.- GARBERA:

Etxez eta baserriz osatutako auzo txikia da, Altzako muino batean kokatua. Horien artean Garbera Goia eta Garbera Berri (Bustintxulo), desagertuak eta gaur egun merkatal zentroak hartzen duen eremuan zeudenak. Horiez gain, Garbera auzoan bertan Garbera Bea eta Garbera Txiki (Palazio) dauzkagu. Londres eta Paris baserriek osatzen dute zerrenda. Londres gasolindegiaren ondoan dago, hondatua.

Auzoaren bizitzari buruz gehiago jakiteko:

Larratxoko parkea zeharkatuz Lau Haizeta aldera joango gara, alboan garai bateko Etxeberri (XVII), Miranda Goia (XVI) eta Mercader (XIV) baserriak zeudela.

2.- PELEGRIÑENE:

Altzan badira hainbat baserri gurutzeak dauzkatenak paretetan: Intxaurrondo Zahar, Iparragirre, Tomasene, eta gure bidean aurkituko ditugun Pelegriñe eta Marrus.

Gehiago jakiteko: CALVO, Ángel María; LÓPEZ, Manuel: “Cruces de piedra en cumbreras y fachadas de caseríos guipuzcoanos” in Altza Hautsa Kenduz II (1994), AHM, 85-96 orr.

PELEGRIÑENE baserria (XVI) arkitektura tradizionalaren eredua da. Etxaurre nagusia ekialdera begira dago eta harlanduz, egurrezko egitura eta adreiluz osaturik. Iparraldeko paretan duen gurutze latindarra bide aldera dago eta goiko besoa txikiagoa du. Ez du oinik eta 60 cm altu eta 45 cm zabal neurtzen ditu.

Gure bideari jarraituz KATALIÑENE (XVI) eta ILLARREGI (XVI) baserrien ondotik pasako gara.

3.- MARRUS:

MARRUS (XVI) baserriak ere gurutze bat dauka, mendebaldera begira, atzealdeko gailurrean. Hareharrizkoa da eta besoak teilatu gainean ditu. Fustea eta oina ez dira ikusten.

Marrus gainean gehiago jakiteko: LANDA, Iñigo: “Pelegriñene: la casería de Pelegrín“, in Altza Hautsa Kenduz VI (2001), AHM, 145-162 orr.

4.- AMETZAGAINAKO HISTORIAURREKO AZTARNATEGIA:

Aztarna guztiak (2.000 bat denera) harri landuak dira, batez ere silexak, eta bi zonaldetan banatzen dira, bi muino altuenen artean: gotorlekuaren inguruan, eta Garbera gaineko muinoan.

Ametzagainan aurkitutako aztarnak Gravettiar kulturako garaikoak dira, beste hainbat lekuetan aurkitutakoen antzekoak (Aitzbitarte, Amalda, Aldatxarren eta Bolinkoba), eta K.a. 28.000 eta 20.000 urte bitartean kokatzen dira.

Gehiago jakiteko: TAPIA, Jesús; BARRIO, Francisco: “El yacimiento Prehistórico de Ametzagaina“, in Altza Hautsa Kenduz  XI (2011), AHM, 13-21 orr.

5.- UBAKO ERMITA:

UBAren lehen aipamena, HUE edo HUA bezala idatzita, XIV. mendekoa da, baina abizena mende bat aurrerago dokumentatuta dago. Ermitaren ondoan UBA BEA eta UBA GOIA baserriak zeuden, biak XVIII. mendekoak eta egun desagertuak. Gertu, LASKIÑENE (XVIII) eta GARROSTEGI (XVII) baserrien ondotik pasa ondoren UBEGI baserri ederra aurkituko dugu, XVII. mendekoa.

Ermita honetan UBAKO AMA gurtzen da. LO ONEKO AMA bezala ezaguna, Altzatik eta inguruetatik bertara etortzen dira umeekin Pazkoko astelehenean erromerian.

Gehiago jakiteko:

  • CALVO, Ángel: laermitadeuba.blogspot.com
  • INZAGARAY, Ramón: “La Capilla de Uba”, in Altza Hautsa Kenduz II (1994), AHM, 97-107 orr.
  • CALVO, Ángel: “Santa María de Hua de la Anunciada: La ermita de Uba (I)”, in Altza Hautsa Kenduz, AHM, 95-144 orr.
  • CALVO, Ángel: “Santa María de Hua de la Anunciada: La ermita de Uba (II)”, in Altza Hautsa Kenduz VII (2003), AHM, 87-134 orr.
  • CALVO, Ángel: “Nuevos tiempos para le ermita de Uba”, in Altza Hautsa Kenduz XI (2011), AHM, 151-156 orr.

2010eko ekainaren 7an, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak eta Timoteo Lauran Espainia eta Portugalerako Errumaniako Eliza Ortodoxoaren gotzainak hitzarmen bat sinatu zuten Ubako ermitaren inguruan, bi erlijioen artean erabilpena adostuz. Tenpluaren banaketa Marian Manescu-k egin du. Gehiago jakiteko, Angel Calvoren artikulua kontsultatu.

6.- AMETZAGAINAKO GOTORLEKUA:

XIX. mendean zehar bi gotorleku eraiki ziren Ametzagainako goialdean. Lehenengoa I. Gerra Karlistan (1838) eraiki zuten. Bigarrena azken karlistandan eta haren arrastoak gaur egun diraute.

1875. urtean eraiki zen Ametzagainako gotorlekua (123 m) lehenengo karlistadan zegoenaren leku berean. Funtzio bikoitza zeukan. Batetik, utzita zegoen Ubako komentua ez zezaten karlistek hartu eta, bestetik, artilleria erabiliz San Marko (3,5 km ekialdean, 280 m-ko kota) eta Txoritokieta (4 km hegoaldean, 303 m-ko kota) gailurretan zeuden posizioak erasotzeko. Oinplanoa pentagono irregular baten itxura du (28×37x25×25x43 m), artilleria soilik bi aldetan kokaturik dagoela. Alderik luzeenak (43 m) 5m-ko lodiera duen parapeto bat dauka, lau kanoi-zuloekin. Txikienak (25 m) bi kanoi-zulo dauzka eta bere parapetoak 6 m-ko lodiera dauka. Gotorlekua 1891. urtera arte erabili zen.

AMETZAKO GOTORLEKUA

Ametzagainako gotorlekutik 400 metrotara ekialdera, mendiaren muino txiki batean (115 m), Ametzako gotorleku txikia eraiki zen. 1838. urtean bi sektore zituen, beste hirugarren bat txikiago batez elkartuak (50×10 m). Ekialdeko sektoreak, 25 metro luze, kanoi-bateria zeukan, horietako bi mendebaldera begira eta hirugarren bat hegoaldera. Erdigunean pezozko eraikin txiki bat zegoen, isuri bakarreko teilatu batekin. Gotorleku osoak babes erreten bat zeukan inguruan eta gotorlekuan sartzeko bi zubi zeuden, sektore bakoitzeko bat.

Gehiago jakiteko: SÁEZ GARCÍA, Juan Antonio: “Fortificaciones decimonónicas enel sector oriental del término municipal de Donostia san Sebastián“, in Altza Hautsa Kenduz VII (2003). AHM, 69-82 orr.

Etiketak: , ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Apirila 2020
A A A O O L I
« mar    
 12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • MIGUEL LERCHNDI
    (2020, Martxoak 27)
    «Me complace mucho recordar tiempos pasados ver en las fotos muchos amigos de los cuales no se nada de ellos ...»
  • Miren Koruko Gonzalez
    (2020, Martxoak 24)
    «Eskerrikasko Patxi. Zoritxarrez ez nuen ezagutu, bainan bere ekintzan, lana eta gizartean egoteak guzionguzion alde izan denez gero, tarteko sentitzen naiz ...»
  • Roberto Otero Huarte
    (2020, Martxoak 21)
    «Egun on. Que verdades históricas enraizada en la memoria pasada y contemporánea. No hubo reparación, ni reconocimiento. No interesa a ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2020, Martxoak 13)
    «Muy buenas ideas para alejarnos un poco de esta situación que no podemos controlar y que difícilmente entendemos. »
  • joan mari irigoien
    (2020, Martxoak 5)
    «Altza eta Donostiaren arteko harremanei buruzko komentario honek, ongi ulertu nahi duenarentzat, ez du komentario beharrik. Eta, hala ere, egin ...»

etiketak


Sarean