Bideak, zaindu beharreko ondarea

2017, Ekainak 1

sasotegi-c

Sasoategi (Molinao)

Iñigo Landa

Denboraren joan-etorrian, bide,errepide zein trenbideek Altzaren lurraldea alderik alde zeharkatu dute espazioa antolatuz. Azpiegitura berriagoak aurrekoen gainetik ezarri dira eta, ondorioz, askotan ez da erraza haien aztarna historiko zein arkeologikoak aurkitzea. Alabaina, egon badaude eta merezi dute aintzat hartuak izatea, baita babestea ere.

Txipres eta Zillargillene baserrien artean dagoen zatia da horietako bat. XIX. mendean,  Gipuzkoako kronista izan zen Pedro de Soraluce historialariak, beste lagun batzuekin batera, erromatarren garaira jotzen zuten eta Agriparen itsas bidearen aztarna bat bezala identifikatu zuten. Hipotesi hori, erromatarren garaira eramaten gaituena, ezin izan da frogatu, baina bai Erdi Aroko garaietan, 1425. urtean hain zuzen, non dokumentu batean “Txipreseranzko bidea” aipatzen den, bere antzinatasuna demostratuz.   Txipres baserriak eta bere Erdi Aroko  arkitekturak merezi duten babesa badaukate, baina bideak, baserriari estuki lotua dagoena, ez. Bestalde, bide zati horren behealdean, Zillargilleneren parean, Bosbidieta izenarekin ezaguna zen gurutzegunean, bideak Gaztelueneko maldarekin bat egiten du. Zalantzarik gabe malda hau aipatutako “Txipreseranzko bide” horren zati bat da eta lotuta dago Oiartzun eta Donostia, San Marko eta Txoritokieta mendien artean, zeharkatzen zuen bide nagusiarekin. Bide nagusi hau, historiografia klasikoari jarraitzen badiogu, Donejakue Bidearen igarobidea da.

Donejakue Bideaz hitz egiten dugunean, gauza jakina da, plurala erabili beharko genuke, bidea ez baitzen bakarra, bide batzuk baizik. Izan ere, bidaian zehar erromesa aukera ezberdinak egiten zihoan, baldintzen arabera edota gogokoen zituen ermitak eta lekuak bisitatuz. Santiagorako bidaia luze horretan, -alde batera utziz Santiagomendi eta Gipuzkoako barnealdera zuzentzen den norabidea, eta Donostia eta kostaldearen aldeko aukera eginez-, erromesak hautazko zituen hiru bide. Jarraitu aurretik, gogoratu behar dugu gaur egungo Donejakueren Bidearen ibilbide ofiziala, - San Pedrotik Saguesera Ulia mutur batetik bestera zeharkatzen duena eta Donostiaren erdialdera 1920. urtera arte existitu ez den Zurriola zubia zeharkatuz-  gaur egun asmatutako ibilbidea dela, paisaia eta naturaren ikuspegitik zoragarria, baina euskarri historiko edo historiografikorik gabekoa. Jatorrizko bideetara itzuliz, hortaz, hiru aukera leudeke: bata, Lezotik ur-gainetik badian barne Herrerarako untziralekura helduko litzatekeena, segidan Mirakruzetik jarraitzeko; bigarren bat, Errenteria eta Donostiaren arteko bidea eginez, Pontika, Galtzaraborda, Molinao, Santa Barbara eta Ermita bidean zehar Herrerara heldu eta badia zeharkatzen duen bidearekin bat egingo lukeena; eta beste hirugarrena, Txipresi buruz hitz egin dugunean aipatu duguna, Zamalbidetik Magdalena Mendizerra Txoritokieta eta San Markoren artean zeharkatuz, egungo Lau Haizetatik Donostiara doana, Urumea ibaia, gainontzeko beste bideak bezala, Santa Katalina zubi gainetik igaroz.

Aipatutako bigarren aukeraren ibilbidean, -erabiliena seguruenik, Errenteria eta Donostia bezalako hirigune garrantzitsuak lotzen baititu, -XVI. mendean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek galtzadaren eta Molinaoko zubiaren konponketa agindu zuten-, gaur egun galtzada zaharraren zati bat aurkituko dugu, Arrieta etxearen eta Sasoategi baserriaren artean Molinaon. Zati honek, bidearen gainontzeko ibilbidea ez bezala, ez du interbentzio modernorik ezagutu eta orain dela urte gutxi arte oinez pasa zitekeen. Une honetan enborrez eta landarez josia dago eta premiazko mantentze lanak behar ditu.

Orain arte aipatu ditugun ibilbideen erreferentzia kartografiako zein dokumentalak ugariak dira, nabarmenak. Alabaina, bideen elementu apalago batzuei erreparatuko diegu, ez horregatik garrantzi gabekoak: distantziak adierazten duten bidarriei buruz ari gara. Haiek ere merezi dute gure arreta eta babesa. Horietako bat, orain dela gutxi aurkitu dugu, 2017ko otsailean, Molinaoko Sasoategi baserriaren ondoan. SS hizkiak daramatza zizelkaturik albo batean eta Errenteriatik Donostiara doan bidearen seinalea da.

Era berean, Lorete auzoan beste bidarri bat daukagu. Honek ere SS inskripzioa dauka aurrealdean. Sasoategikoaren garai berekoa litzateke gure ustez eta, kasu honetan, Molinaoko itsasadarraren ertzean zegon Abernetatik Herrerara Ermita bidetik zihoan bidearen seinalea litzateke.

Berriagoak, seguruenik Diputazioak ezarriak, bidarri gehiago ikus ditzakegu oraindik gure kaleetan, batzuk egoera onean, beste batzuk egoera kaxkarragoan, eta tamalez desagertu direnak ere badira.

Buenavistan, portuko bulegoen eraikinaren parean, badago bidarri bat  zizelatuta daukana testu hau: “RUTA Nº 1 A SS 5 K”. Errepide hau 1847. urtean egin zen eta seinale hau garai hartakoa izan daiteke. Errepide horretan beste bidarri batzuk aurkitu ditzakegu, bat Herreran, oso egoera txarrean eta 4. kilometroa adierazten duena, eta beste bat Mirakruzen 3. kilometroarekin. Beste ibilbide batean, Mirasun baserriaren parean, Altzagainan, Donostiatik 6 kilometroetara dagoen bidarria aurkituko dugu. 5. kilometroa adierazten zuen bidarria Erroteta inguruan legoke, baina ez dugu haren erreferentziarik, eta 4. kilometroarena Herreran zegoen tren geltokiaren ondoan, baina inongo begirunerik gabe obra bat egiterakoan kendu egin zuten orain dela zortzi bat urte.

Errepide jenerala N-I bilakatu zuten eta bidarri berriak jarri zituzten, Donostia ordez Madril erreferentzia hartuz, eta, horrela, 3 kilometroan  469 km jarri zuten eta 4 kilometroan 470 km, bidarri berriak ezarriz zaharrak kendu gabe.

Paraleloki errepide jeneralera Norteko trena eraiki zen. Herrerako itsasadarra zena gainetik igarotzeko tren zubi-bide bat eraiki behar izan zuten; 1865. urtean zabaldu zen. Zubi-bide hau Herreraren ikurra bilakatu da eta maiz erabiltzen da auzoko ikonografian. Tren geltokia eta 1932. urtean eraiki zen lur-azpiko pasabidea, -ordura arte erabiltzen zen trenbide gaineko pasabidea ordezkatuz-, Herrera auzoko erreferentziak dira.

Laburbilduz, hauek dira arriskuan eta babestu beharrean ikusten ditugun ondare-elementuak:

  • Txipreseko bidea eta Gaztelueneko malda.
  • Lau Haizetatik eta Mirakruzetik igarotzen duten Donejakue bideak.
  • Errenteriatik Donostiara  doan bidea, Molinao zeharkatuz, bereziki Sasoategi eta Arrieta baserrien arteko tartea, eta Ermita bidea.
  • Bidarriak: Sasoategi, Lorete, Buenavista, Herrera, Mirakruz, eta Mirasun.
  • Herrerako tren zubi-bidea, tren geltokia eta lur azpiko pasabidea.


Etiketak:

3 iruzkin

  1. Jose Mari Cendoya

    Adelante con la protección de nuestro patrimonio histórico y cultural.

  2. Luis Mari Florez Arabaolaza

    Lan bikaina egiten ari zaretena. Bide zaharrak ezin ditugu ahaztu.
    Eskerrik asko.

  3. José Ignacio Gamboa

    Acabo de conocer vuestro blog, realmente me ha impresionado y me gustaría ponerme en contacto con vosotros si es posible, ya que mi origen se encuentra en Altza y ahora estoy descubriendo, así como los diversos caminos.
    Muchas gracias por mantener viva la historia.
    saludos

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Martxoa 2024
A A A O O L I
« ots    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Azken iruzkinak

  • Maira
    (2024, Martxoak 2)
    «Hola necesito contactarme con las señoras Verónica. Recién leo esto. Soy la novia del nieto de olivo. Su papá Carlos. ...»
  • Luma
    (2024, Otsailak 17)
    «Oso oso interesgarria. »
  • Estibaus
    (2024, Otsailak 8)
    «Ez, sarrera librea da jarlekuak bete arte. »
  • zigor
    (2024, Otsailak 8)
    «Bikain. Izena eman behar da aurretik? »
  • Ekhi
    (2024, Urtarrilak 10)
    «Jaiotza oso polita da !! Eskerrik asko jartzeagatik. »

etiketak


Sarean