Centaurotik Gazte-Lekura: euskal dantza taldea (6)

2023, Azaroak 27

Lehen emanaldia (1971)

Antxon Alfaro

Santa Barbarako lokal berrian, Centauroan egiten zituzten mendi irteerekin jarraitzeaz gain, euskal dantza talde bat jarri zen martxan.

Jarduera honen hasiera nahiko kasualitatez eman zen. Pepi Morenok gogoratzen duenez, arratsalde batean Gazte-Lekuko zuzendaritzako hainbat kide Jose Ignacio Goñi presidentearekin bildu ziren Pasaiako Alkartasuna dantza taldearen lokalean. Bilera zuten aretoko hormetan dantzaldietan erabiltzen ziren soineko ezberdinak zeuden ikusgai. Pepik haiei begira eman zuen bilera osoa. Amaieran, Alkartasuneko kide bat hurbildu zitzaion, ea gustatzen zitzaizkion galdetuz. Asko, baina batez ere bere ilusioa dantzatzea izango zela erantzun zuen. Elkarrizketa horren ondorioz, proposatu zieten Gazte-Leku elkartean talde bat antolatzen bazuten Alkartasuneko pertsona batek taldea irakasteko eta abian jartzeko konpromisoa hartuko zuela.

Hasieran, 1970eko udazkenean gaude, nesken talde bat elkartu zen batez ere. Gema Fernandezen laguntzarekin, Alkartasunean dantzan ari zena, Los Boscoseko zineman entseatzen hasi ziren. Nahiz eta ez izan dantzarako oso leku egokia altuera baxua izateagatik, han jarraituko zuten taldea desegin zen arte. Antxon Kaifer txistulariak laguntzen zion Gemari.

Hasi ziren nesken lehen taldean Pepi Moreno, Asun Barbero, Desi Barrado, Mª Carmen Goñi, Bene Macías, Pili Esnaola eta Itziar Uzkiano zeuden; laster gehitu zitzaizkien Marivi Goñi, Encarni Sánchez eta Marian Ciria ere. Mutilen taldean Koldo Elizasu, Luis Mari Ralla, José Luis Martín “Pepelu”, José Ignacio Goñi, Juanfran Ciria, Juan Ignacio Aranzadi eta Fernando Escalante zeuden.

Urte hartako Gabonetan, Los Boscoseko zineman egin zuten lehen emanaldia, Manolo Dávila aurkezlearena eginez, artikulu honen hasierako argazkian ikus daitekeenez. Taldea martxan egon zen hiru urteetan zehar Altzan zein Euskal Herriko beste herri batzuetan hainbat emanaldi egin zituen. Gasteizko Dantzari Eguna gogoratzen dute, edo Azpeitiko Gogarte-etxera egin zuten bisita ere.

Gasteizko Dantzari Eguneko emanaldia zela eta, taldea identifikatzeko bandera bat prestatzea erabaki zuten. Bandera Isabel Morenok egin zuen eta oso lauburu dotorea zeraman. Bandera José Manuel Pérezek eraman ohi zuen, Mirian Ciriaren laguntzarekin. Gaur egun, bandera hori Altzako Tokiko Bilduman aurkitzen da.

Baina bereziki gogoan dute 1972ko urriaren 15ean Gazte-Lekuk Altzan antolatu zuen Dantzari Eguna. Dantzari Egun honetara Euskal Herri osoko taldeak etorri ziren. Berreskuratutako material grafikoak erakusten digu talde horien artean Errenteriako Iraultza taldea edo Iruñeko talde bat zegoela, Andres Iñigo txistulariarekin etorri zena, Gazte-Lekuko txistulari Antxon Kaiferen oso laguna zena.

Helduen taldeaz gain, haur talde bat prestatzen hasi ziren. Bene Macíasek gogoratzen du irakatsi egiten ziela. Horietako batzuk Arantza Balanciaga, Gema eta Iñaki Santos ziren…

1973ko hasieran, taldeko hainbat kidek utzi egin behar izan zuten, arrazoi desberdinengatik. Bestalde, Gema Fernándezek gogoratzen duen bezala, une horietan bilakaera handia gertatzen ari zen bai dantzetan, batez ere nesketan, bai erabilitako soineko motetan. Aldaketa horren buru Argia taldea zen batez ere. Horrek guztiak, baliabide gutxirekin batera, taldearen jarraipena eragotzi zuen.

1975. urtean, Gazte-Lekuko zuzendaritza euskal dantza taldea berriro martxan jartzen saiatu zen, baina ideiak ez zuen fruiturik eman.

Etiketak: ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Maiatza 2026
A A A O O L I
« api    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Azken iruzkinak

  • Estibaus
    (2026, Apirilak 28)
    «Hola. En www.altza.info tienen dos fotos de Carmen Zappino, niña, con su familia. Estos son los enlaces: https://altza.info/?z=3&x=772 https://altza.info/?z=3&x=773 »
  • angela aguayo
    (2026, Apirilak 27)
    «Buenos dias, en el seno del proyecto FIVE, financiado por el Ministerio de Educación y la UE, la Universidad de Santiago ...»
  • KARMELE
    (2026, Apirilak 25)
    «El problema viene de haber duplicado la ya alta densidad construida en la zona.La fabrica tenía 19.938 m2. El primer ...»
  • Zigor Etxeburua
    (2026, Apirilak 16)
    «Lotsagarria da Donostiako Udala erakusten ari den UTZIKERIA. Ez lukete horrela edukiko Bulebarra balitz. »
  • Diana
    (2026, Apirilak 9)
    «Mi madre nació en Herrera en 1939, una de las historias que me contaba de cuando era pequeña era cuando ...»

etiketak


Sarean