Hil zuten aita gogora ekarriz

2019, Martxoak 29

luis-irisarri-piquer

Luis Irisarri Piquer

Nieves Irisarrik sukaldeko goxotasunean hartu gintuen, bere ahizpa Angelita eta Lurdes alabarekin batera, Luis Irisarri, 36ean fusilatu zuten aitaz hitz egiteko. Neskatxoak bi urte eta bi hilabete zituen hura gertatu zenean, eta, orain, laurogeita bi urte geroago, bere seme-alabekin batera, Gema, Manoli, Xabier eta Lurdes, haren oroitzapena eta gorpuzkinak berreskuratu nahian jarraitzen du.

Luis Manuel Irisarri Piquer Donostian jaio zen 1908ko ekainaren 21ean eta 1936ko azaroaren 10ean fusilatu zuten. Salvadorren eta Ramonaren semea, familia Lodosako herri nafarrekoa zen jatorriz. Familia Donostiara bizitzera etorri zen eta, geroago, gurasoak banandu egin ziren. Luis Manuelek aitaren alde egin zuen, eta gainerako anai-arrebek, Valentinak, Miguelek eta Manuelek nahiago izan zuten amarekin geratu.

Aita Salvador Donostiako udaletxearen garbitzailea zen, eta Luis Donostiako udal gas enpresaren langilea. Luis, gainera, soinujole ona zen eta, enpresako lanez gain, inguruko jaiak akordeoia erabiliz animatzen aritzen zen.

Luisek Intxaurrondoko Basotxiki baserriko Manuela Garmendia Iriarte ezagutu zuen. Elkarrekin harremanetan hasi ziren eta alaba izan zuten, Nieves. Umea 1934ko irailaren 13an jaio zen.  Nievesen jaiotza jakinarazi zioten unean, Luis akordeoia jotzen zebilen Aieteko santakrutzetan.

Urtebete geroago, bikotearen bigarren haurra jaio zen, Salvador, baina jaio baino hilabete batzuk lehenago, 1935eko martxoaren 27an, Altza-Buenvista epaitegian ezkondu ziren.

Gerra Zibila lehertu zenean, Luisek ez zuen alde egin eta bere familiarekin batera Basotxikin jarraitu zuen. Ez dago haren jarduera edo inplikazio politikoari buruzko daturik, baina frankisten Donostia hartu zutela bi hilabetera, Luis Intxaurrondoko Zubiaurre tabernan zegoela, soldadu batzuekin furgoneta bat bere bila iritsi zen, atxilotu eta eraman egin zuten. Etxera itzuli ez zenez, Manuela Zubiaurrera bertaratu zen, eta Ondarretako kartzelara eraman zutela esan zioten. Hurrengo egunean, Manuela Ondarretako kartzelara joan zen senarrarekin arduratuta eta ordurako ez zegoela esan zioten. Goizaldean fusilatu egin zuten.

Luis Irisarriren heriotza-ziurtagirian 1936ko azaroaren 10ko heriotza-data jasoa dago, eta heriotza tokia Donostia. Heriotza arrazoia ez du esaten.

Ez zuten beste berririk izan, harik eta farolari batek lurrean, Villa Iruña parean, Luisen nortasun agiria jaso zuen arte. Dokumentuaren jabea Intxaurrondokoa zela egiaztatzean, Zubiaurre tabernan utzi zuen, eta Manuelari eman zioten. Horren ondorioz, Villa Iruña Pasaia aldeko errepidean dagoenez, fusilamendua Oiartzunen egin zutela pentsatzera eraman du familiak.

Hala ere, Pellizar baserri-sagardotegiko Pakita Anabitarteren testigantzak dioenez, Luis Irisarri fusilatzea Hernanin gertatu zen. Bere osaba, Juan Jose, Mons-eko likore-fabrikan lan egiten zuena, kamioneta bat zuen. Frankistek kamioneta konfiskatu zuten eta bera gidari bezala ere eraman zuten, Antiguako Miramar jauregiko zalditegietara. Egin behar izan zituen zerbitzuen artean, bere kamioian Ondarretako kartzelako presoek Hernanira fusilatzera eramatea zeuden. Horietako batean, atxilotuen artean Luis Irisarri ezagutu zuen. Hori kontatzerakoan, Pakitak ez zuen Irisarriren abizena gogoratzen, baina bai Basotxikiko Garmendia familiakoa zela. Juan Josek ez zuen fusilatzen ikus, soldaduek presoak kamioitik jaitsarazi eta eraman ondoren, kamioek itzultzeko bideari ekiten zioten. Pakitak dio denbora asko igaro zela osaba hura kontatzera animatu zen arte.

Manuela ama gazteak, bi urteko eta urtebeteko bi seme-alabekin, egoera latz horri aurre egin behar izan zion. Senarrak udal gas fabrikan lan egiten zuenez, udaletxera joan zen laguntza eske, baina jaso zuen erantzuna umiliagarria izan zen: seme-alabak adopzioan ematea iradokitzeaz gain, Boulevardeko erretreteak garbitzeko lan egiteko aukera eskaini zioten.

Oinaze eta babesgabetasun horren erdian, Basotxikitik gertu, Mons Etxean bizi zen Nieves ahizparen laguntza jaso zuen, eta bi urteko Nieves txikiaren zaintzeaz arduratu zen. Salvador umea,  urtebetekoa, Basotxikin geratu zen amarekin. Sei urteren buruan, Manuelak bere bizitza berregin zuen; Froilan Aldanondorekin ezkondu eta Angelita alaba eduki zuten.

Nievesek ez zuen inoiz bere aitarekin gertatutakoaz hitz egiteko aukerarik izan amarekin. Nieves izeba izan zen, Nieves neskatoa hamahiru/hamalau urte arte zaintzeaz gain, aitaren historia kontatzeaz arduratu zena.

2014ko maiatzaren 31n, Donostiako Udalak frankismo garaiko fusilatuen senideei omenaldia egin zien, eta udaletxeko aretoan hartu eta oroitzapenezko intsignia txiki bat eman zieten. Halaber, “Duala” eskultura inauguratu zen, fusilatuaren izenarekin.

Bideo honetan, Nieves, ahizpa Angelita ondoan duela, bere lekukotza eskaintzen.

basotxikiko-irisarri-garmendia-familia

Basotxikiko Garmendia-Iriarte familia. Luis ezkerraldean eta Nieves umea erdi-erdian izeba eta amaren artean. (1934)

Iruzkin 1

  1. Estibaus » Altzan barrena Espainiako Gerra Zibilaren garaian

    [...] «aiuntados en el campo de Estibaus segun que lo havemos de uso de costumbre de nos juntar…» (Altza, 1390) « Hil zuten aita gogora ekarriz [...]

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Apirila 2024
A A A O O L I
« mar    
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Antonio Dávila García
    (2024, Apirilak 19)
    «Mis vecinas. Bajo el cielo, serpenteando remontando las colinas van volando e indagando, dos gentiles golondrinas. Pensaba yo,para mí, ¿porqué no hacen aquí, su casita tan sencilla de ...»
  • Adriana
    (2024, Martxoak 29)
    «Me gustaría poder aprender mejor a confeccionar prendas y sacar patrones. Para poder hacerme mi propia ropa. Tengo el ...»
  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »

etiketak


Sarean