Ohar historiko batzuk RENFEko geltokiaren eta lurrazpiko pasabidearen inguruan

2021, Otsailak 23

20210201

Iñigo Landa Ijurko

RENFEko tren geltokia eta Herrerako oinezkoen lurrazpiko pasabidearen kokapena bat dator 1864an inauguratu zen Norteko trenbidearen linea eraikitzeak Herreratik Altzako hirigunera Santa Barbara ermitatik igotzen zen bidea moztu zuen lekuarekin. Bide hori, mendeetan zehar Donostia-Errenteria galtzadaren zati izan zena, bigarren mailan geratu zen 1847an errepide nagusia ireki ondoren, baina Altzako erdigunea probintziako bide-sarearekin lotzeko bide nagusia izaten jarraitzen zuen. Trenbidea zeharkatzeko, zaindutako trenbide-pasagune bat zegoen, eta zaindariarentzako etxe bat, Kaxeterua izenez ezaguna.

(Donostiako Udal Artxiboa, Altza, 000-4)

(Donostiako Udal Artxiboa, Altza, 001-38)

1898ko Herreratik Altzagainarako errepidearen eraikuntza-planoaren xehetasun honetan, bide zaharraren trazadura eta errepide berriarena, gorriz nabarmendua, ikus daitezke. Bidea errepide nagusiarekiko bidegurutzetik hasten da (”Carretera de Bazcardo a las Ventas de Irún por Lasarte “, planoan), eta, bihurgune bat egin ondoren, gaur egun lurpeko pasabidea dagoen tokiaren gainean kokatzen da. Bidea gurutzatu ondoren, bide zaharrak maldan gora jarraitzen zuen, gaur egungo Ermita bidetik. Errepide berriaren trazadurak, bestetik, gerora Herrera pasealekua izango dena, maldak murriztuko ditu, ibilbidea luzatuz eta bihurguneak zabalduz, baina trenbidea gurutzatzeko lekua aldatu gabe. Planoan ikusten den “Casa Nueva” gaur egungo Vista Alegre/Tantarrene etxeari dagokio, urte haietan eraikia.

(Arg.: Landa-Jaka familia)

(Arg.: Landa-Jaka familia)

1926ko argazki baten beste zati honetan, lehen planoan, Herreria baserria eta plazara jaisten den aldapa ikusten dira, eta, goialdean, emakumeak trenbide-pasagunera eramaten dituen eskaileratik igotzen; une berean, gurdi bat ikusten da Kaxeteruaren aurretik pasatzen. Eskuinerago, Gure Ametsa (Villa Ura), Zoriontegi eta Vista Alegre (Tantarrene) etxeak antzematen dira.

(La Voz de Guipúzcoa 1932-04-22)

(La Voz de Guipúzcoa 1932-04-22)

1932an trenbide-pasagunea kentzeko lanak egingo dira. Ibilgailuen joan-etorria trenaren zubiaren lehen begitik desbideratuko da, eta oinezkoena trenbidearen azpiko lurpeko pasabide batetik, gaur egun erabiltzen den pasabide beretik. Sarreraren goiko aldean Altzako armarria eta pasabidea eraiki zen urtea harriz zizelkatuta daude. Lanak 1932ko apirilaren 16an atera ziren enkantera, 18.000 pezetako aurrekontu ereduarekin. Hiru enpresa aurkeztu ziren: Pérez Hermanos (16.542 pzta.), José Mª Inchaurrondo (16.500 pzta.), eta Pedro Landa (15.000 pzta.). Esleipenduna azken hau izan zen. (La Voz de Guipúzcoa, 1932-05-07/10)

Trenbide-pasagunea kendu ondoren, Herrera osoko hazkunde demografiko eta ekonomikotik eratorritako beharrei zerbitzua emango zien tren-geralekua eraikitzeko ideia hartu zuen. Ordurako, Herrerak tren geltoki bat zuen 1912tik, Mugako trenbidea, Topoa, portuko merkantzien zerbitzurako.

Herreran Norteko trenbidearen geraleku bat jartzeko lehen eskaera Basilio Sarasola zinegotziak egin zuen 1939ko azaroaren 15ean, Altzako Udaleko osoko bilkuran, Altza Donostiari anexionatzeko behin betiko onartu zen osoko bilkura berean.

1941ean gobernuak Espainiako trenbide guztiak nazionalizatu eta batuko ditu estatuko enpresa bakar batean, RENFE (Red Nacional de los Ferrocarriles Españoles). Altza Donostiaren mende geratu ondoren, Donostiako Udala izango da 1943. urtean RENFEri Herrera auzoan geraleku bat jartzea eskatuko diona, baina urtebete geroago ukatu egin zioten eskaera.

(Paisajes Españoles, 1963)

(Paisajes Españoles, 1963)

Urte batzuk igaro beharko dira Herrerako geltokia martxan ikusteko. Pedro Moratinosek, trenbideko langileak, prentsan (El Diario Vasco, 1969-07-09) jasotako lekukotasunagatik, -geltoki eta geralekuak zaintzeagatik lortutako saria dela eta-, badakigu garai hartan hemeretzi urte zeramatzala geltokian lanean, eta, hortaz, 1950ean jar dezakegu zerbitzuaren hasiera-data. Geltokiaren multzoa honako hauek osatzen zuten: geltokia bera, 1. bidearen ondoan, Madrilgo noranzkoan, eta langilearentzako etxetxo bat, lurpeko pasabideko eskaileratik haratago (2011n eraitsitakoa). Geltokiaren faktoreak azaltzen duenez, lekua lorategiz inguratuta zegoen, eta Irungo norabiderako nasan estaldura bat jartzeko proiektua bidean zegoen.

(G. Queralt, 2001)

(G. Queralt, 2001)

Altza, Historia y Patrimonio” lanean (55. or.), Beatriz Herreras Moratinosek geltokia ondare altzatarraren elementu interesgarrien artean sartu zuen, honela deskribatuz: “Cercano a este viaducto se alzan enfrentadas las construcciones del apeadero y de la estación de Altza‑Herrera. Son sencillas construcciones muy similares a las que se repiten a lo largo de toda la línea. El apeadero de Herrera es una nave rectangular, sin compartimentar de estructura de hormigón y cerramiento de ladrillo y cubierta a un agua. La fachada principal está completamente abierta con un pilar en el medio. La estación apeadero es una nave también rectangular, de estructura de hormigón y cerramiento de ladrillo, cubierta a dos aguas con amplios jabalcones de madera que sustentan el alero. El espacio de la sala de espera está totalmente abierto. La fachada está encalada, con zócalo de sillarejo.”

***

Gauetik goizera, egungoa ordezkatuko duen geltoki berriaren proiektuaren berri eman da, eta dagoeneko egiten hasi dira. Ongi etorriak izan daitezela hain aldarrikatuak izan diren irisgarritasunaren eta gainerako zerbitzuen hobekuntzak, baina hori bera askoz hobeto egin zezaketen hemen bizi garen pertsonekiko eta, geltokia bezala, gure auzoaren nortasunaren parte diren eraikinekiko begirune apur bat handiagoa erakutsi izan balute.

(Tomás Paulis, 1984-02-24)

(Tomás Paulis, 1984-02-24)

Etiketak: ,

3 iruzkin

  1. Iñaki Ezama

    Txalos Iñigo. Oso ona.

  2. Zigor Etxeburua

    Oso jakingarria. Eskerrik asko

  3. Ancora

    Enhorabuena por la labor de investigación. Apoyamos totalmente la conservación estos elementos que forman parte de nuestro patrimonio industrial ferroviario. Se pueden y deben introducir mejoras, pero sin necesidad de arrasar con todo

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Martxoa 2024
A A A O O L I
« ots    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Azken iruzkinak

  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »
  • Maira
    (2024, Martxoak 2)
    «Hola necesito contactarme con las señoras Verónica. Recién leo esto. Soy la novia del nieto de olivo. Su papá Carlos. ...»
  • Luma
    (2024, Otsailak 17)
    «Oso oso interesgarria. »

etiketak


Sarean