Parte hartzeko ilusioa II. Politika

2021, Urriak 25

La Voz de Guipúzcoa, 1931-08-26

La Voz de Guipúzcoa (1931-08-26)

Errepublika ekarri zuten udal-hauteskundeei eskainitako sarreran, diktadura amaitu ondoren herritarrek politikan jarduteko interesa erakusten zuten datu adierazgarri batzuk ikusi genituen. Udalean betetzeko zeuden 12 postuetarako 24 hautagai aurkeztu ziren, -Gipuzkoan 89 udalerrietatik 25etan bakarrik gertatu zen hori-, eta horrez gain nabarmentzekoa da oso parte-hartze handia erregistratu zela, % 82ra iritsi baitzen, Gipuzkoakoa baino hiru puntu gehiago.

Errepublikaren urteetan zehar, Altzan zein Gipuzkoan, boto emaile kopuru handiak joan ziren hautestontzietara, eta horrek argi eta garbi erakusten du gizartearen politizazio-maila handia zegoela. 1931ko apirileko udal-hauteskundeez gain, beste lau hauteskunde-deialdi egin ziren, eta honako hauek dira eman zituzten emaitzak [1]:

  • Hauteskunde orokorrak (1931-06-28): % 85,56ko parte-hartzea Gipuzkoan (ez dago udalerrien daturik). Altzan, Euskal Estatutuaren aldeko hautagaitzak (nazionalistak, tradizionalistak eta katoliko independenteak) %49,35 boto lortu zituen; ondoren, Bateratze Errepublikano-Sozialistak (% 48,46) eta Alderdi Komunistak ( % 2,23).
  • Autonomia Estatutuaren erreferenduma (1933ko azaroaren 5a): % 85,9 partehartzea Altzan; % 91,13 Gipuzkoan.
  • Hauteskunde orokorrak (19-azaroa-1933): % 76,62 Altzan; % 78,07 Gipuzkoan. EAJk botoen % 57,04 lortu zituen, eta ezkerrak % 33,08; Eskuineko Batasunak % 9,87.
  • Hauteskunde orokorrak (1936ko otsailaren 16a/martxoaren 1a): Gipuzkoan, % 78,93, 1. itzulian, eta % 62,62, bigarrenean (ez dago udalerrien daturik). EAJk botoen % 47,65 lortu zituen, eta Fronte Popularrak % 34,47; Iraultzaren Kontrako Koalizioak % 17,86.

Altzan, politizazio maila altua izan arren, erakunde politikoen egitura txikia zen edo ez zegoen. 12 zinegotzi hautetsietatik - 6 independenteak, 4 nazionalistak eta 2 errepublikanoak-, bi errepublikanoak bakarrik aurkeztu ziren alderdi politiko batek esplizituki babestuta, Bateratze Errepublikar-Sozialistak.

La Voz de Guipúzcoa (1931-08-25)

La Voz de Guipúzcoa (1931-08-25)

1931n Altzan presentzia handiena zuten alderdiak, nazionalista eta errepublikanoak, finkatzen eta egituratzen joan ziren. Beste joera politiko batzuen aldekoak, hala nola anarkistak, sozialistak eta komunistak, eta mugimendu sindikal ia osoa, ideologikoki Trintxerpen eta Antxon ezarrita zeuden antzeko erakundeen barruan bildu ziren.

Errepublikanoek Azpiroz-Enea etxean ezarri zuten egoitza, Herreran, eta 1931ko abuztuaren 23an inauguratu zuten Centro Republicano-a. Geroago, Errepublika etorbideko 39. zenbakiko etxabera joango dira (gaur egun Jose Elosegi, 106), eta 1936an Altuna-Enea etxean izango dute egoitza (Jose Elosegi, 127). 1933an 80 afiliatu inguru zituen. Egoitzan egindako bileretatik adierazpenak, idazkiak eta mozioak atera ziren, eta Udalean aurkeztu ziren, batez ere langileen langabeziarekin eta hezkuntza-gatazkarekin lotuta. Zentroan hitzaldi politikoak eta era askotako ospakizunak ere antolatzen ziren, eta, aldi berean, probintziako beste herri batzuetan egindako ekitaldietan parte hartzen zuten. La Voz de Guipúzcoa egunkari errepublikanoak Centro Republicano-aren jardueren iragarkiak argitaratzen zituen, eta udal-saioen jarraipen zehatza egiten zuen, korrespontsalen kronika komentatuekin.

Argia (1931-08-02)

Argia (1931-08-02)

1931ko udan ere, EAJ-PNVk Euzko Gaztedia batzokia inauguratu zuen, Aizpurutxo etxean, hirigunean, eta, urtebete geroago, beste bat inauguratu zuen Herreran, Euzko Etxe, Ibarbia etxearen etxabean. 1933an, lehenak 80 afiliatu zituen, eta bigarrenak ehun bat.

Batzokietan izaera abertzale nabarmena zuten eta euskara sustatzen zuten kultur jarduerak antolatzen ziren, hala nola hitzaldiak, euskal dantzak eta antzezlanak. [2] Batzokien bizitza politiko, sozial eta kulturalaren jarraipena egin daiteke, El Día egunkarian eta Argia astekarian euskaraz argitaratutako kroniken bidez. Guztira zortzi kronikagilek sinatu zuten izenordeak erabiliz. [3] 66 kroniketatik 34 Itanik sinatu zituen, eta 15 Zugaizpek. Zugaizpe emakumea zela badakigu, eta, ziur aski, berrespen faltan, Itani ere bai.

EAJren barruan egituratu zen EAJren emakumeen antolaketa, Emakume Abertzale Batza, emakumeen parte-hartzeari buruzko aurreko sarreran aipatu genuena.

lvg-1931-12-02-8or

La Voz de Guipúzcoa (1931-12-02)

Hasieran esan dugun bezala, errepublikanoez eta nazionalistez gain, baziren beste joera ideologiko batzuen aldekoak ere, beren jarduera politiko eta sindikala Trintxerpeko edo Antxoko kideekin batera garatzen zutenak. Hori ez da harritzekoa kontuan hartzen badugu Pasaiako portuaren inguruan zegoela arrantza-jarduera guztia eta industria-jarduera gehiena, eta, gainera, lanean jardun ahal izateko sindikatuta egotea nahitaezkoa zela. [4] Altzan langabezian zeuden langileak Pasaiako Langile langabetuen Sindikatuaren barruan antolatuta zeuden, eta izen horren pean Altzako Udalean idatziak erregistratzen zituzten, udal obra publikoetan langabetu altzatarrak kontratatzeko eskatuz.

Datu zehatzagorik ezean, ezkerreko indar bakoitzaren pisuaren estimazio bat egin dezakegu, altxamendu frankistaren ondoren bakoitzak mobilizatutako miliziano altzatarren kopuruari erreparatuz: Altzako 1. Konpainia Gorriak, Izquierda Republicana-ko buruzagiek zuzenduta, 125 gizon bildu zituen bere lerroetan; Trintxerpeko CNTko anarkistekin batera, 35 miliziano altzatarrek parte hartu zuten, horien artean bost emakume miliziano zeudela; eta  Antxoko MAOC Lenin batailoi komunistan 26 miliziano.

Baserritarren sindikatuei dagokionez, baserritar jabeak biltzen zituen Sindicato Agrícola eta Confederación Agro-Pecuaria elkarteak aipatu behar dira. 1934tik aurrera, EAJtik gertu zegon Euzko Nekazarien Bazkunaren berri badago ere, San Isidro jaien antolaketarekin lotuta.[6]

Erreferentziak:

[1] RODRÍGUEZ RANZ, J.A.: Guipúzcoa y San Sebastián en las elecciones de la Segunda República. Donostia: Fundación Social y Cultural Kutxa, 1994. Ikusi ere CEREZO BASELGA, Aitor: “II. Errepublika Altzan udaletxeko akten bidez“. In: Altza, Hautsa Kenduz VIII (2005), 71-115 orr.

[2] AHM (Lekukoak): Pepita Sarriegi Aranburu-ren lekukotza https://www.youtube.com/watch?v=0Y7P7vgUgf4

[3] AHM: Altzako euskarazko kronikak (1921-1936). Artiga Bilduma 7. Altzako Historia Mintegia (2010), 24, 26, 38, 115 orr.

[4] PORTUGAL ARTEAGA, Xabier: “Lan-gatazkak eta langileen antolakuntza”. In: Pasaia 1931-1939. Zanpatuen oroimina. Sorginarri bilduma 3. Pasaiako Udala, 2007.  27-43 orr.

[5] “Relaciones nominales de milicianos y oficiales de diferentes batallones y compañías de San Sebastián y otras localidades de Guipúzcoa“. Año 1936. Centro Documental de la Memoria histórica Sección. Político Social. Bilbao. 0064_002. 53. or.

[6]AIZPURU, Mikel: “Sindicalismo agrarista y nacionalismo vasco (1933-1936)“. In: Historia y Política, 38 (2017), 259-287 orr.

Azpiroz-Enea (Herrera)

Azpiroz-Enea (Herrera)

Aizpurutxo (Altzagaina)

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Abendua 2022
A A A O O L I
« Aza    
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031  

RSS

Azken iruzkinak

  • Siustegui
    (2022, Irailak 7)
    «Busco un antepasado vasco de Elisea Suastegui. Vivió en Ecuador »
  • Ana
    (2022, Abuztuak 8)
    «Hola! Mi nombre es Ana. Hace poco empecé en la búsqueda de mis antepasados. Por lo que averigüe mi bisabuela ...»
  • Diego Berra
    (2022, Uztailak 19)
    «Hola, soy Diego Berra de Mendoza, Argentina. Mi abuelo era italiano oriundo de Taipana, Udine. Su nombre era Gino y ...»
  • Catalina berra
    (2022, Uztailak 14)
    «Hola soy catalina berra,de argentina general roca rio negro. También me gustaría conocer o investigar sobre mi apellido. Una abuela que ...»
  • iñaki urdanibia sarasola
    (2022, Ekainak 6)
    «Ya lo siento, parece que mi memoria flaquea: había otra hermana. Joaqui, que no vivía en Herrera »

etiketak


Sarean