Inocencia Arangoa, emakumea eta margolaria

2016, Uztailak 22

inocencia-arangoa00030009

Iñigo Landa

Martxoak 8 zela eta 1901. urteko prentsa artikulu bat berreskuratu genuen non Inocencia Arangoa margolari gaztearentzat berdintasunerako eskubidea aldarrikatzen zen. Orain gure asmoa da diskriminazioari aurre egin zion emakume eta artista horren bizitza eta lanaren gainean dakiguna biltzen saiatzea.

Inocencia Arangoa Figueroa margolaria Altzako San Martzial elizan batailatu zuten 1879ko abenduaren 29an eta 92 urte zituela Madrilen zendu zen 1972ko abenduaren 10ean.(1) Gurasoak Vicente Arangoa Matxiandiarena eta Elisa Figueroa Villar zituen, Donostiako Santa Maria elizan 1875. urtean ahalordez ezkonduak. Hamabi seme-alaba izan zituzten; Inocencia hirugarrena zen.(2) Emilio García Martínez (1875-1970) arkitekto eta paisaia-pintorearekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituen; Maria (1904-1994), zein Madrileko Errege Goi Kontserbatorioan irakasle izan zen, eta Antonio (1908-1995), Madrileko Arkitektura Eskolan katedraduna.

Neskatoa zelarik, 1891. urteko Euskal Lore Jokoetan sari bat eskuratu zuen 15 urtetik beherako irakurketa ariketetan.(3)

Alejandrino Irureta margolari tolosarrarekin ikasi zuen eta Madrileko “Escuela Especial de Pintura, Escultura y Grabado” ikastegian jarraitu zituen ikasketak, Francisco Pradillaren dizipulua izan zelarik. Horrela, Madrilen jarri zen bizitzera eta grabatuaren alorrean jardun zuen lanean. (4)

1899-1900 ikasturtean, teoria eta historia ikasgaian domina lortu zuen eta 1901. urtean Erromako pentsiodun postu baterako oposaketetan aurkeztu zuen bere burua, Jose Alea y Rodríguez hildako margolari gazteak utzitako lekua ordezkatzeko. Zenbaitek, emakumezkoa zela argudiatuz, Arangoa oposaketatik kanpo utzi nahi izan zuten eta Donostiako La Unión Vascongada egunkariak haren alde artikulu bat argitaratu zuen emakumezko artistak zeukan berdintasunerako eskubidea aldarrikatuz.(5) Estrella de Diego Artearen Historialariak dioenez, Arangoa izan zen aurreko mendean azterketa horiek egitera heldu zen bakarra, segidako deialdietan emakumeek ezin izan baitzuten parte hartu, eta Parada y Santín aipatzen du margolariaren aldeko kanpainaren bultzatzaile gisa Madrileko El Liberal egunkarian argitaratutako artikulu baten bitartez.(6) Izan ere, egunkari honetan bertan, Inocencia Arangoak berak, beste hamar emakumeekin batera, egunkariko zuzendariari bidalitako gutun bat sinatu zuen, “Emakumea eta artea” izenburupean, oposaketetara onartua izanagatik bere poza adieraziz eta José Parada y Santín irakasleari bere esku-hartzea eskertuz: “gure babesle leiala izan da eta harekin zorretan aurrena egongo da emakume espainiarra harentzat orain arte itxiak egon diren bideak irekitzeagatik.”(7)

Emakumeen prestakuntza artistikoa eta artearen merkatuan sartzeko aukera, ikusi dugunez, ez ziren gizonezkoen parekoak. Arangoaren ondoren, Erroman pentsioduna izateko aukera berriro itxi egin zen emakumeentzako, 1928. urtera arte. Gainera, emakumezkoek ezin zuten anatomiaren ikasketak egin eta beraien prestakuntza eta lana mugatua zen, animaliak, landareak eta antzekoak baino ezin zuten eta margotu. Horrez gain, garai horretan artean ezinbesteko erreferentziak ziren Erromara edota Parisera bidaiatzeko emakumeek aitaren edo senarraren menpekotasuna zeukaten.(8)

Eta horrela, baldintza horiekin guztiekin, Inocencia Arangoak bere ibilbide artistikoa egin zuen. Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan parte hartu zuen 1901. eta 1930. urteetan. Oviedon bizi izan zen (1909-1917) eta Segovian (1918-1923), eta azkenik Madrilera aldatu zen behin betiko bizitzera.(9) Oviedon bizi zelarik, Inocencia Arangoak 1916. urtean taldeko erakusketa batean parte hartu zuen bere senarrarekin batera. Javier Barón arte historialariak dionez, “neskato baten buruaren estudio bat aurkeztu zuen eta hiru paisaia, senarrarenaren antzekoak, baina kontrastatutako bereizmen gutxiagorekin.”(10)

Bere lanik aipagarrienak, Auñamendi entziklopediaren arabera, hauek dira: “La Victoria de Samotracia”; “El día”; “El niño de la espina” eta “El valle de Nadón”.(11) Alabaina, ez dakigu koadro hauek non dauden gordeak.

San Telmo Museoaren aktetan agertzen denaren arabera, Donostiako Udalak museoari eman zizkion Inocencia Arangoa Udalaren pentsiodun gisa Madrilen 1901 eta 1903. urteetan egindako lanak. Lau koadro ezagunen kopiak dira (Velazquez margolariaren “Las Hilanderas”, “Cabeza de personaje desconocido”, eta “Retrato de Felipe IV”, -azken hau museoak Udalari itzuli zion margolan horren kopia bat bazuelako-; El Greco-ren “Caballero de Toledo”; eta Santiago Regidor-en “Paisaje”); eta beste bat orijinala, “Paisaje”, amaitu gabe zegoena eta Madrileko Casa de Campo parkean udaberrian berezko egoeran margotua, aktan zehazten denaren arabera.(12) Azken margolan hau “San Telmo Museoko bitxitasunak eta altxorrak” (1997) erakusketan ikusi ahal izan zen “En la Real Casa de Campo” izenburuarekin eta bere irudia katalogoan agertu zen, ondoko azalpen honekin: “Landaretzaren ikasketan buru-belarri murgiltzen den “En la Real Casa de Campo” izeneko mihiseak, Arangoa, artista sendo gisa erakusten digu, errealismotik mende-amaierako inpresionismotik baino hurbilago.”(13) Horrez gain, Interneten enkantean jarria “Paisaje” izenburuko beste koadro bat ezagutu ahal izan dugu, Inocencia Arangoaren sinadura daramana.(14)

1930. urtetik hil arteko bere arte jardueraren datu gehiagorik ez daukagu. Soilik bere eskelan jasotzen den “Txit jakitun anderea” trataerarekin egin dugu topo, ohorezko trataera hori nondik datorkion ez badakigu ere. Alabaina, titulutik areago, garbi dago merezi duela, bere garaiko beste emakumeekin batera, emakume artisten aitzindaritzat hartzea.

Inocencia Arangoa artistaren biografia hau idazteko erabilitako dokumentazio guztia Tokiko Bildumaren esteka honen bitartez kontsulta daiteke.

ERREFERENTZIAK:

(1)     Inocencia Arangoaren biografietan eskaintzen diren jaiotza eta heriotza datak (1884-07-02/ 1935-09-25) ez datoz bat San Martzial elizaren bataio-agiriarekin (Elizbarrutiko Artxibo Historikoa) eta ABC egunkarian argitaratutako eskelan (1972-12-12).

(2)     Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa (www.mendezmende.org).

(3)     Euskal-Erria Revista Vascongada, 1917-12-30, 1191. Zbk., 540. or.

(4)     Fernando Alcolea: www.fernandoalcolea.es/mujerespintoras.

(5)     La Unión Vascongada, 1901-05-01: “Noticias. Inocencia Arangoa”.

(6)     Blog Historia del arte: Biografía de Emilio García Martínez. La esquela de Emilio García en el diario ABC (1970-05-28).

(7)     Javier Barón Thaidigsmann: “Renovación artística y exposiciones regionales en Asturias (1915-1934)”, In El arte español del siglo XX: su perspectiva al final del milenio, CSIC, 2001. 207. or.

(8)     Auñamendi Entziklopedia: Inocencia Arangoa Figueroa.

(9)     San Telmo Museoa: Udal Museoaren Gobernu Batzordearen Aktak, 1901-09-11, 1902-11-03; 1903-02-13.

(10) San Telmo Museoko bitxitasunak eta altxorrak = curiosidades y tesoros del Museo San Telmo. Donostia, 1997; 36 eta 89 orr.

Subastas Imperio.

Etiketak: , ,

3 iruzkin

  1. Antonio Sánchez Escudero

    Se debería hacer un homenaje a Inocencia Arangoa un ejemplo de mujer luchadora por los derechos de las mujeres de las personas. Por el arte que transmite. Han pasado 125 años de aquellos trabajos que hizo. He visto el cuadro “A orillas del Manzanares” una “impresión” auténtica. Me gustaría que el Ayuntamiento la hiciese un homenaje y que se publicase en la prensa. Bautizada en Altza el 29 de diciembre de 1879. Me brindo a dar una charla sobre “Mujeres olvidadas por fin recuperadas.” Un respeto. Darles las gracias por lo que nos enseñan”

  2. Aza

    Buenas, me gustaría saber dónde se encuentran las obras de esta pintora. Gracias

  3. Estibaus

    Hola. Alguna de ellas en el museo San Telmo. Quizás ahí tengan más información. Saludos

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Apirila 2024
A A A O O L I
« mar    
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Antonio Dávila García
    (2024, Apirilak 19)
    «Mis vecinas. Bajo el cielo, serpenteando remontando las colinas van volando e indagando, dos gentiles golondrinas. Pensaba yo,para mí, ¿porqué no hacen aquí, su casita tan sencilla de ...»
  • Adriana
    (2024, Martxoak 29)
    «Me gustaría poder aprender mejor a confeccionar prendas y sacar patrones. Para poder hacerme mi propia ropa. Tengo el ...»
  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »

etiketak


Sarean