Mercader oinetxea 1650.urtean

2017, Abuztuak 29

l10674

Arg.: Francisco Armendáriz

Oñatiko Protokoloen Artxiboan gordetako dokumentu batek gure arreta biziki erakarri du. Dokumentua 1650. urtekoa da eta Mercader oinetxearen berreraikuntzaren xehetasunak eskaintzen ditu, baita plano bat ere.

Mercader oinetxea, -gaur egun Merkear aldaera moztuarekin ere ezaguna-, Lau Haizeta aldean zegoen, gaur egungo Larratxoko parkearen goiko sarreraren aurrean. Tamaina handiko zuhaitz multzo bat, desagertutako baserriari bere garaian itzala eta babesa eman ziotenak, baserriaren jatorrizko kokapenaren lekukoak dira.(1)

Etxearen izena Altzaren historiari lotua dago altzatar komunitatearen hasiera-hasieratik, baina Arzak, Aduriz, Berra eta antzeko beste etxeak bezain nabarmena izatera heldu gabe. Abizenak bide laburra egin zuen zeren XVI. mende hasieran, arazo ekonomikoak izan zirela medio, jabetzak saldu behar izan zituzten eta horrela abizena eta oinetxearen arteko lotura hautsi egin ziren.(2)

Dokumentua kontratu bat da, Leon de Zurco etxeko jabearen eta San Juan de Aldaco maisu zurginaren artekoa, etxearen egurrezko egitura eraikitzeko, teilatua, dolareak eta ateen eta leihoen euskarriak barne. Kontratua berez interesgarria bada ere, are interesgarriagoa egiten dio berarekin batera datorren planoa non eraikinaren solairuak eta antolaketa ikusten diren. Garai hartan ohikoak izango ziren horrelako xehetasunak, baina hauxe da Altzan daukagun adibide bakarra eta garai hartako eraikuntza eredura hurbiltzen gaituen bakarrenetakoa: “bere sendotasun eta ontasunerako beharrezkoak eta ohikoak direnak Altza herrian eta Donostiako hirian”.

Dokumentuak XVII. mendeko baserri eredu bat zehatz-mehatz deskribatuko digu, bereziki sagardogintzarako egokitua.

Mercader baserriko jabea, Leon de Zurco Irizar, jaun nagusi bat zen eta horrela agertzen da dokumentuan, Santiago ordenaren zaldun eta Pasaiako Santa Isabel gazteluko gobernadore gisa, alegia. Errenteriako auzokidea, Leon de Zurco eta bere leinua nabarmenak izan ziren Gipuzkoako arlo politiko zein ekonomikoan, eta jabetza askoren jabe, Mercader oinetxea besteak beste, eta, dokumentuan adierazten duen bezala, oinetxe baten jabe izateak nabarmenago eta nobleago egingo zion, nahiz eta  konponduko duen etxean beteko duen funtzioa oso xumea izango den, sagardotegi bat, alegia.(3)

Eraikuntza lanak, printzipioz, mailegurik gabe ordainduko ditu, baina ia kopuru osoaren erdia baserriak sortuko duen irabaziekin ordainduko ditu, sinatzen era ez zekien maisu zurgin oiartzuarrari ezarritako gehiegizko baldintzak inposatuz.

Dokumentua irakurriz agerian geratzen da eraikuntza ez dela hutsetik abiatzen eta egurrezko egitura eutsiko duten hormak aurretik eginak daudela.

Maisu zurginak teilatua egingo du, dolareak, zurezko egitura eta gainontzeko zurezko lanak, ondoko kontratuan zehazten diren baldintzen arabera:

  1. Maisu zurginak behar den materiala guztia mendian moztu eta zerratu egin behar du bere kontu.
  2. Zura behar bezala landua eta tinko trabatua izan behar du.
  3. Etxeak dorreen antzeko teilatua eduki behar du, lau isurialdeekin, eta hegoaldera ematen duen izkinak, zutabea eta bi aldeak, zurgintza lan guztiak ongi bukatuak egon behar dira, ateak eta leihoak izan ezik, haien markoak eta leiho-koskak  inolako beste zurgin lanik egin gabe morteroz edota adreiluz ixteko moduan egon daitezen.
  4. Barrualdean dolareak landu behar dira, hogei ukondo luze eta bederatzi zabal, eta etxearen aurrealdean dagoen zutabea bere kontu sartu beharko du.
  5. Eskailera egin beharko du, dolareen zein egoitza nagusiaren zerbitzurako.
  6. Etxearen zurezko egiturak eduki behar dituen neurriak eta bestelako zehaztasunak finkatzen dira.
  7. Maisuak etxearen hiru ate nagusiak egin beharko ditu, eta bi gelatxo, bere zutabe, ate eta leihatilekin.
  8. Lanak urte amaitu aurretik bukatuak egon behar dira eta dolareak Amabirjinaren jaiotzaren egunerako.

Hori guztiaren truke, lanak hasi aurretik maisuak bostehun eta berrogeita hamar erreal jasoko ditu otsailean beharrezko egur guztia moztu dezan.

Era berean, Pazko Garizumako egunerako beste mila eta ehun erreal txanpon arruntez ordainduko zaio eta gainontzekoa Mercader etxearen fruitu eta errenten bitartez.

Denera, zurginak hiru mila beiloi-erreal jasoko ditu ordainean. (4)

Mercader baserria pasa den mendean desagertu zenean ez dakigu barruko egitura mantendu zuen eraitsi arte, baina dokumentuak deskribatzen duen eraikina oso antzekoa da garaikideak diren eta zutik dauden Casares, Moneta edo Ubegi bezalako etxeen egiturarena, bakarrik kanpoko itxura gorde dutenak.

(1)   Francisco Armendariz argazkilariak 50. hamarkadan Lau Haizetatik egin zuen Altzagainaren argazki polit horretan Mercader baserria ikus daiteke ezkerraldean, ezagutzen dugun baserrikko fatxada nagusiaren argazki bakarra.

(2)   Ikus LANDA IJURCO, Iñigo: “Pelegriñene: ‘La Casería de Pelegrin‘” In: Hautsa Kenduz VI (2001), 145-162 orr.

(3)   MARTÍNEZ, Julian: “La baronía de Zurco”. Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, 1964, pp. 91-101.

(4)   Altzako Tokiko Bilduman dokumentua zein transkripzioa kontsulta daitezke.

gpah21001_a_003300

Iruzkin 1

  1. Estibaus » Mercader du izena

    [...] Donostiako Udalak Altzaren ondare historiko eta kulturalekin zerikusia duen guztiaren degradazio sistematikoarekin jarraitzen du. Orain Mercader izenari tokatzen zaio, kirol azpiegitura eraikiko duten lekuaren izena, haiek Merkear bezala “normalizatu” nahi dutena. Merkear, Mercaderren ahozko forma laburtua da, oinetxeren izen eta familia abizen altzatarra, Erdi Aroaren amaieratik gaur egun arte dokumentatua eta, honezkero, hemen, Estibausen aipatu duguna. [...]

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Apirila 2024
A A A O O L I
« mar    
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Antonio Dávila García
    (2024, Apirilak 19)
    «Mis vecinas. Bajo el cielo, serpenteando remontando las colinas van volando e indagando, dos gentiles golondrinas. Pensaba yo,para mí, ¿porqué no hacen aquí, su casita tan sencilla de ...»
  • Adriana
    (2024, Martxoak 29)
    «Me gustaría poder aprender mejor a confeccionar prendas y sacar patrones. Para poder hacerme mi propia ropa. Tengo el ...»
  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »

etiketak


Sarean