Los Boscos auzunea: San Jose Langile eliza eta Altzako kaputxinoen anaiartea (4)

2021, Uztailak 20

Antxon Alfaro

Jose Ramon Seséren erlijiotasuna zela eta, eliza funtsezko elementua izan zen Los Boscos-en diseinuan eta eraikuntzan. Honek, eliza, auzune berrian inauguratutako lehen elementua izatera ere eraman zuen, Gorputz Santua, elizako sagrarioan, auzo berriko lehen bizitanle izatea nahi baitzuen.

los-boscos-1

Eliza berria 1967ko abenduaren 23an inauguratu zen. Kornelio Berrondok, San Martzial elizako erretoreak, Gorputz Santua, palio azpian eta prozesioan, Los Boscos auzoraino eraman zuen. Ondoren, Lorenzo Bereciartua elizbarrutiko gotzainak San Jose Langilea eliza berria bedeinkatu eta sagaratu zuen.

Elizaren ekipamenduaren zati handi bat dohaintza batzuei esker lortu zen. Aldarea Fuerteventurako kondeak, Jose Luis Londaiz Quintana, eta bere seme-alabek eman zuten, urtebete lehenago hil zen Isabel de la Plaza Olace emazte eta amaren oroimenez. Gaur egun oraindik ere ikus daiteke aldarean elizaren inaugurazio egunean horretarako jarri zuten plaka. Kanpaiak ere Fuerteventurako kondeak eman zituen eta bankuak Gipuzkoako Aurrezki Kutxak.

Hasiera-hasieratik, Kaputxinoen Anaia Txikien Ordenak hartu zuen eliza berriaren ardura. Hori gehiago izan zen José Ramón Seséren ilusio eta ahaleginagatik, komunitate erlijioso horren baitan hartutako ekimen bat baino. Los Boscos kooperatibako zuzendaritzak, 1966ko urtarrilaren 14an, elizbarrutiko gotzainari, etxebizitzak eraikitzen hasi aurretik ere, kaputxinoak elizaren eta egin nahi ziren gizarte lanen kargu egiteko baimena eskatu zion.

Jose Luis Orella anaia kaputxinoa, Donostiako anaiartekoa, izan zen lehen urte eta erdian gutxi gorabehera eliza berriaren ekintza pastoralak bete zituena. 1969ko urriaren 4an, Asisko San Frantziskoren egunean, José Luis Orellak, ordezkari nagusi bezala, Antonio Balenciagak eta Pedro Miguel Ezkerrak Altzako anaiartekoari hasiera eman zioten.

1970eko urtarrilaren 2an, parrokia bihurtu zen Jacinto Argaya gotzainaren dekretuz. Parrokia berriaren martxa 1970eko urtarrilaren 31n hasi zen, San Juan Bosco egunean. Jose Elgarresta elizbarrutiko bikario nagusiak elkarrekin eman zen meza zuzendu zuen. San Jose Langile parrokia berriak Los Boscos, Oleta, Arri-Zar eta Darieta auzoetako behar erlijiosoei erantzun behar zien eta 3.000 biztanle inguru zeuzkan. Jose Luis Orella parroko izendatu zuten, Pedro Miguel Ezkerra adjutore eta Antonio Balenciaga laguntzaile.

l19998

Garai hartan, Iruñeko bi unibertsitario gehituko zitzaizkien bizitza eta lan apostolikoak partekatzeko. 1973an, Jose Luis Orellak parrokia utzi zuen eta Vicente Echeverria erretore eta anaiarteko nagusi izendatu zuten. Antonio Balenciagak ere esperientzia berri bati ekin zion Trilloko leproserian, eta haren ordez Miguel Angel Lizarraga etorri zen. Honek ez zuen denbora asko eman anaiartean; izan ere, ihes egin behar izan zuen, lan egiten zuen fabrikan antolatutako grebetan parte hartzeagatik.

1976an, Juan Pedro Goienetxe, Vicente Sarriés eta Fernando Arburua anaiartean sartu ziren.

80ko hamarkadaren hasieran, anaiartearen jarraipena gero eta arazotsuagoa zen. Batek Ordena utzi zuen. Fernando Arburua atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Hilabete batzuk geroago, Vicente Sarriés ere atxilotu zuten. 1981eko abuztuaren 11n, giza baliabide falta apelatuz, Altzako anaiarteak ofizialki izateari utzi zion, baina Jose Balenciagak eta Vicente Echeverríak parrokia-zerbitzuak eskaintzen jarraitu zuten 1982ko ekainaren 30era arte, orduan eman baitzioten behin betiko parrokia Gotzaindegiari.

los-boscos-2

Altzako kaputxinoen anaiarteak iraun zuen 15 urteetan, pastoral-funtzioez gain, beste jarduera batzuk ere egin zituzten, ikuspegi sozial handiagoarekin.

Horien artean, iraupenagatik eta gizartean izan zuen eraginagatik azpimarratzekoa da 1970ean zinema bat jarri zela martxan elizaren eraikineko bigarren solairuan. Urte haietan ez zegoen haur eta gazteei zuzendutako jarduerarik eta Joakin, Altzako anaiartean bizi zen gazte nafarra, martxan jarri zuen eta 5 urte baino gehiagoz arduratu zen asteburu guztietan haurrentzako zinemak funtzionatzeaz.

Hasiera batean, zinema gaitzeko, Nafarroako Lecarozko ikastetxeak utzitako egurrezko besaulkiak ekarri zituzten. Geroago, Donostiako Loiolako auzoan zegoen zinematik, gero Gurea diskoteka izango zena, ehun bat erosi ziren. Hainbat herritarrek, Marcelino Larrazek edo Jose Mari Aramburuk esaterako, lokala egokitzen lagundu zuten.

Lokalak higiene- eta segurtasun-baldintza egokiak betetzen ez zituen arren, aukera bakarra zen igande arratsaldeetan inguruko haur eta gazteentzat. Bi saio zeuden, batez beste 300 haur saio bakoitzeko. Hauek, ia 100 besaulkietatik banatzen ziren, aurrean jartzen ziren banku jarraitu batzuk, eta, hauen aurrean, lurrean alfonbra batzuk txikienentzat. Zinemarako sarrera antolatzeko, norabide desberdineko hiru ilara egiten ziren kalean. Hasieran, sarreragatik 5 pezeta ordaintzen ziren, bost urteren buruan 10 pezetara igo zen eta azken urteetan 25 pezeta kobratzen ziren.

Igandeetako haurrentzako bi saioez gain, denboraldi batez larunbat gauetan ere zabaldu zen zinema, gazte eta helduentzat. Era berean, parrokiaren inguruan antolatutako gazte talde batek zineklub bat jarri zuen martxan hainbat urtez, eta filma proiektatu ondoren, hari buruzko eztabaida zabaltzen zen. Astean zehar, zinemak hainbat jarduera sozial eta kultural garatzeko balio zuen (dantza taldeak, haurrentzako antzerkia, musika entseguak, hitzaldiak, bilerak…).

l20000

Zinema igandero martxan jartzeak ahalegin eta dedikazio handia eskatzen zuen, eta lehen urteetan gazte talde batek hartu zuen bere gain, baina horiek utzi zutenean, kaputxinoek berek hartu zuten ardura hori, 80ko hamarkadaren hasieran zinema itxi zen arte. Anaiartearen barneko zailtasunei, telebista etxeetan orokortzea gehitu behar zitzaien, zinemarekin lehian zegoen elementu gisa.

Halaber, gazteenei zuzenduta, Los Boscos auzoko 3. zenbakiko etxearen etxabean gazte-zentro bat jarri zuten martxan, eskola-egunaren ondoren jolas- eta kultura-jarduerak garatzeko. Horretarako, Errenterian bizi ziren jesuiten ordenako zenbait apaizgairen laguntza izan zuten. Lokala egokitzeko, futbolin bat eta mahai-jokoak ekarri zituzten, baita liburutegi bat ere, Aldundiak emandako liburuekin. Urte batzuen buruan arazoak sortu ziren parrokiaren eta guraso talde baten artean zentroa kudeatzeagatik. Irtenbideak bilatzeko denbora baten ondoren, lokala behin betiko itxi zen 1972ko udan.

Urte batzuk geroago, lan horrekin jarraituz, parrokiaren inguruan gazte talde bat antolatu zen, txikienekin kultura eta aisialdiko jarduerak egiteko. Jarduera horien artean aipatzekoak dira haurrentzako antzerki talde bat martxan jartzea, mendi irteerak, kanpaldiak, aipatutako zinekluba, edo inguruko kaleetan zehar aterartzen zen Olentzeroa.

Horrelako zerbitzurik gabeko ingurune batean aisialdirako aukerak eskaintzearen ildo beretik, parrokiak Los Boscos inguratzen zuten Odriozola eta Berridi lursailetan kirol anitzeko pistak egiteko proiektua planteatu zuen. Baliabideak eta herritarren laguntza lortu zituzten, baina Pedro Miguel Ezkerrak gogoratzen zuenez, kooperatibako batzarrak baztertu egin zuen proposamena.

Beste esparru batzuetan ere, asistentzian adibidez, anaiarteko kideen lana oso handia izan zen. Euskararen garapenari dagokionez, Pedro Miguel Ezkerrak, bereziki, Los Boscoseko etxabeetako batean haur hezkuntzako bi gela euskaraz martxan jartzen egindako lana aipatu behar da. Bestalde, parrokiak babes legala eman zion ikastola honi. Helduagoentzat ere Gau Eskola jarri zen martxan.

Amaitzeko, eta kaputxinoek Altzako eremu honetan egindako lan eskerga jasotzea ezinezkoa zela jakinik, frankismoaren azken urteetan eta frankismoaren ondoren bizi izan zen jarduera sozial eta politiko bizian zuzenean edo zeharka parte hartu izana aipatu behar da. Askok eta askok parrokiako lokaletan egindako bilera eta batzar klandestinoak gogoratuko dituzte. Inplikazio horrek, zekartzan arriskuez gain, egoera nahiko tirabiratsuak ekarri zituen zenbait auzokiderekin, elizaren inplikazio sozial edo politiko oro arbuiatzen zutenak.

***

***

Los Boscos auzuneari buruz gehiago jakiteko:

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Apirila 2024
A A A O O L I
« mar    
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Antonio Dávila García
    (2024, Apirilak 19)
    «Mis vecinas. Bajo el cielo, serpenteando remontando las colinas van volando e indagando, dos gentiles golondrinas. Pensaba yo,para mí, ¿porqué no hacen aquí, su casita tan sencilla de ...»
  • Adriana
    (2024, Martxoak 29)
    «Me gustaría poder aprender mejor a confeccionar prendas y sacar patrones. Para poder hacerme mi propia ropa. Tengo el ...»
  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »

etiketak


Sarean